Adinekoei zuzendutako lau ekintza antolatuko ditu Galdakaoko Udalak irailean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Urtean zehar adinekoei zuzendutako hainbat ekintza antolatzen ditu Galdakaoko Udalak eta irailean lau egingo ditu. Zehazki, gimnasia tailerra, Gernikara irteera kulturala, mendi ibilbidea eta jolasak eskainiko dituzte.
Galdakaoko Udalak lau ekintza antolatuko ditu irailean zehar adinekoei zuzenduta, «ikasturte berria energiarekin eta ilusioarekin hasteko, jendea ezagutzeko eta norbere buruarekin baliagarriago eta gusturago sentitzeko» helburuz.
Gaurtik aurrera eta hilaren 11ra arte gimnasia tailerrak eskainiko dituzte, aire librean eta ordutegi hauekin:
- Ardanza parkean eguazten eta barikuetan, 9:30etik 10:30era
- Unkina plazan martitzen eta eguenetan, 10:00etatik 11:00etara
- Romualda Zuloaga parkean eguazten eta barikuetan, 10:00etatik 11:00etara
- Bengoetxen martitzen eta eguenetan, 10:00etatik 11:00etara
Ekintzan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurretiaz izena ematea Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuan. Pertsona bakoitzak bi izen eman ahalko ditu gehienez.
Eguenean ordea, irailak 7, irteera kulturala antolatuko dute Gernikara. Gehienez ere 20 pertsonarentzako lekua egongo da txangoan eta parte hartzeko dinamizazio zerbitzura deitu beharko da.
Santakurtzen barruan aldiz, XIV. Adinekoentzako jokoen olinpiadak egingo dira irailaren 12an. 11:00etan hasiko da, eta 14. edizio honetan Galdakaoko adinekoen zentroen arteko txapelketa egingo da, baita parte hartu nahi duen adineko guztien arteko txapelketa ere.
Bestalde, Markina, Etxebarria eta Barroetako dorre inguruetan mendi ibilbidea irailaren 28an egingo da eta gehienez ere 30 pertsonentzako lekua egongo da. Izena emateko, dinamizazio zerbitzura deitu beharko da irailaren 6tik aurrera, eta bakoitzak bi izen eman ahalko ditu.
Informazio gehiago ezagutu daiteke eguaztenetan eta barikuetan 10:00etatik 13:30era eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara Gizarte Ekintzako bulegoan edo 944 010 545 telefono zenbakian.