Galdakaoko II. Triatloi Txikian izena emateko epea zabalik dago
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Edu Campos
Galdakaoko Triatloi Txikiaren bigarren edizioa antolatuko du Triathlon Galdakao kirol elkarteak urriaren 8an. Izena emateko epea zabalik dago eta adinaren arabera ibilbide ezberdinak egingo dituzte parte-hartzaileek.
Iazko arrakasta errepikatzeko asmoz, Galdakaoko Triatloi Txikiaren bigarren edizioa antolatuko du Triathlon Galdakao kirol elkarteak urriaren 8an. Txapelketa 10:00etan hasiko da Urreta kiroldegiaren inguruan eta adinaren arabera ibilbide ezberdinak egingo dituzte parte-hartzaileek.
Triatloiak 150 parte hartzaileko muga izango du, eta horiek hiru kirol diziplinak osatu beharko dituzte: igeri egitea, korrika egitea eta bizikleta.
Hauek dira adin talde bakoitzaren ordutegi eta distantziak:
- 2009-2010 urteetan jaiotakoak: 150 metro igerian, 3.000 metro bizikletan eta 750 metro korrika
- 2011-2012 urteetan jaiotakoak: 100 metro igerian, 2.000 metro bizikletan eta 500 metro korrika
- 2013-2014 urteetan jaiotakoak: 50 metro igerian, 1.000 metro bizikletan eta 300 metro korrika
- 2014-2015 urteetan jaiotakoak: 20 metro igerian, 700 metro bizikletan eta 200 metro korrika
Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea webgunean eta bost euroko prezioa du.
Udalak jakinarazi duenez, hitzorduak trafikoan eragingo du. Goizean zehar ezin izango da inguruan aparkatu eta, lasterketak irauten duen bitartean autoa ezingo dira Bizkai kaleko zati handi batetik ibili.
Bestalde, Galdakaotik igarotzen diren Bizkaibuseko bi lineatan aldaketak izango dira ere urriaren 8an. Zehazki, Bilbo eta Larrabetzu lotzen dituen A3631 linean –Urreta eta anbulategiko geltokiak kenduz-, eta Boluetako metro geltokira doan A3932 linean izango dira aldaketak.