EAJk Unkina eskolako obretan «akatsak» daudela salatu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Usansoloko EAJ-PNV
Konpontze-lanak egiten ari dira Unkina eskolan eta obretan «akatsak» daudela salatu du Usansoloko EAJ-PNVk. Besteak beste, «zaborra sakabanatuta dagoela, hesien ahultasuna nabarmena dela eta seinale falta dagoela» adierazi du alderdi jeltzaleak.
Usansoloko Unkina eskolan obrak egiten ari dira eta hauen egoeraren inguruan «oso arduratuta» dagoela adierazi du Usansoloko EAJ-PNVk. Alderdiaren esanetan hainbat akats daude: «zaborra sakabanatuta, hesien ahultasun nabarmena, umeak sartu daitezkeen irekierak eta seinaleztapen falta».
«Uda oporretan egin behar direla uste dugu baina gauzak horrela daudela eta behin obrak hasita, lasterren bukatzea izan behar da helburua», adierazi dute, hamar egun baino gehiago irauten ari direla salatuz.
«Arduraz, lasaitasunez, baina erabat konbentzituta, Usansoloko EAJ-PNVk Galdakaoko Udalari udal teknikariek obren segurtasuna premiaz berrikus dezatela eta segurtasunaren arloan indarrean dagoen legedia betearaz dezatela eskatzen dio», azaldu dute jeltzaleek.