Adinekoei zuzendutako lau ekintza eskainiko ditu Galdakaoko Udalak azaroan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Deustobide
Urtean zehar adinekoei zuzendutako hainbat ekintza antolatzen ditu Galdakaoko Udalak eta azaroan lau egingo ditu. Zehazki, ‘Zinemarako arkitekturak Bilbon’ erakusketara irteera, Beratzara Urduñatik mendi ibilaldia eta bi ikastaro eskainiko ditu.
Azaroan ere adineko pertsonei zuzendutako ekintzak antolatuko ditu Galdakaoko Udalak, «herriko adineko pertsonak aktibo mantentzeko helburuarekin». Zehazki, Gizarte Ekintzako Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuak hiru ekintza eskainiko ditu hilabete honetan.
Azaroaren 14an ‘Zinemarako arkitekturak Bilbon’ erakusketa ikusteko bisita kulturala egiteko aukera eskainiko da. Gehienez 20 pertsonarentzako lekua izango da, hortaz, izena eman beharko da.
Hilaren 23an aldiz mendi ibilaldia antolatuko dute Beratzara Urduñatik. Guztira 11 kilometroko ibilbidea izango da, 350 metroko desnibelarekin. Gehienez 30 pertsonek joan ahal izango dute. Horretarako izena eman beharko da azaroaren 15etik aurrera; gehienez ere, bi izen bakoitzeko.
Bestalde, bi ikastaro eskainiko dituzte Galdakaoko Adinekoentzako Ociobide Programa Deustuko Unibertsitateko Aisialdi Institutuak, La Caixak eta Galdakaoko Udalak sinatutako lankidetza hitzarmenaren bidez sortu zen ekimenaren baitan.
Lehen ikastaroak ‘Sorginkeria Euskal Herrian (1300-1513)’ izena du eta data hauetan eskainiko da 18:00etan: azaroaren 21 eta 28an; abenduaren 12 eta 19an; urtarrilaren 9,16, 23 eta 30ean eta otsailaren 6 eta 13an.
Bigarrena, ‘Israel, Palestina: ¿Es posible una solución justa?’, data hauetan antolatuko dute ordutegi berean: azaroaren 20 eta 27an; abenduaren 11 eta 18an; urtarrilaren 8, 15, 22 eta 29an eta otsailaren 5 eta 12an.
Izena emateko, azaroaren 8an eta 13an 10:00etatik 13:30era egin beharko da eta ikastaroak Galdakaoko udaletxeko pleno aretoan egingo dira.
Informazio gehiago ezagutu daiteke eguaztenetan eta barikuetan 10:00etatik 13:30era eta eguenetan 16:00etatik 18:00etara Gizarte Ekintzako bulegoan edo 944 010 545 telefono zenbakian.