Anita Maravillas konpainiak ‘Andereño’ antzezlana eskainiko du Torrezabalen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Kulturklik
Torrezabal Kutur Etxeak ‘Andereño’ antzezlana hartuko du zapatuan, azaroak 18, Anita Maravillas konpainiaren eskutik. Obra umeei zuzenduta dago eta «ibre eta zoriontsu izateko ahalegin zoro eta ederra da».
Urte amaierara arte egitarau zabala eskainiko du Galdakaoko Udalak Torrezabal Kultur Etxean. Adin eta zaletasun ezberdinei zuzendutako obrak dira eta hauetako asko umeentzat. Zapatu honetan esaterako, azaroak 18, bost urte baino gehiagoko haurrentzako ‘Andereño’ antzezlana hartuko du Galdakaoko aretoak.
Anita Maravillas konpainiak aurkeztuko du lana Iván Alonsoren zuzendaritzapean eta «ausarta, trebea eta atsegina» den andereñoren istorioa irudikatuko du taldeak oholtza gainean.
«Istorio hau libre eta zoriontsu izateko ahalegin zoro eta ederra da. Bertan, andereño ausart haien hitzak jaso dira, belarrira honako hau xuxurlatzen digutenak: Libre izateko lehen baldintza saiatzea da», azaldu dute Udaletik.
Sarrerak salgai daude Torrezabalen eta webgunean 4 eta 6 euro arteko prezioan.