Ikasleek egindako auto elektrikoen lasterketa antolatuko da Galdakaon domekan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Andra Mari Lanbide Heziketa
Domekan, azaroak 19, ikasleek egindako auto elektrikoen lasterketa antolatuko da Galdakaon, ‘Greenpower’ proiektuaren baitan. Zortzi taldek parte hartuko dute lehiaketan, haien artean Andra Mari Lanbide Heziketako ikasleak.
Galdakaoko Andra Mari Lanbide Heziketako ikastetxeak ‘Greenpower’ proiektuan parte hartu du, Udalaren babesarekin. Honen bitartez, ikasleek haien auto elektriko ekologikoa eraikitzen dute, antolatzen diren lehiaketetan parte hartzeko.
Urtean zehar hainbat lasterketetan parte hartu dute eta domekan, azaroak 19, etxean lehiatzeko aukera izango dute. Izan ere, Galdakaon antolatuko da ikasleek egindako auto elektrikoen txapelketa.
Zirkuitoaren luzera 600 metrokoa izango da eta irabazlea ez da autorik azkarrena izango, baizik eta ordu beteko denboran distantzia luzeena egiten duena. Guztira zortzi taldek parte hartuko dute, tartean Andra Mari LH-koa, eta lehen hirurentzat sariak banatuko dira.
Lehiaketak eragina izango du herriko kaleetan. Zirkuitua zirkularra izango da, Urki kaletik autopistara doan biribilgunera arte, eta ondorioz, itxita egongo da ibilgailuentzat. Oinezkoengan ere izango du eragina Zamakoa kaleko zenbaki bikoitiak, Ganekogorta kaleko zenbaki bakoitiak eta Muguru kalearen lehen zatia zirkuituaren barruan geratuko direlako. Hori dela eta, erabat itxita egongo da gune hori 09:45etik 13:00etara, eta honako tarte hauetan soilik pasatu ahalko dira oinezkoak: 10:15ean 5 minutuz, 10:50ean 30 minutuz eta 12:20ean 10 minutuz. Oinezkoei bide ematen zaien une horietan, Muguru eta Zamakoa tartean izango da.
Bestetik, larunbat goizeko 08:00etatik igandeko 14:00ak arte ezingo da aparkatu Zamakoa eta Ganekogorta kaleetan.