EAJk Torrezabal Kultur Etxeko prezioen igoera kritikatu du
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Galdakaoko udalbatzak Torrezabal Kultur Etxearen prezioak igotzea onartu zuen pasa den asteko osoko bilkuran. EAJk kontra bozkatu zuen, gaur egun igoera hori «derrigorrezkoa ez dela» adieraziz. Jeltzaleek salatu dute «Udal Gobernuak epe ertain eta luzera eragin ekonomikoaren azterketarik gabe gehiegizko gastua» egiten ari dela.
Duela aste batzuk Galdakaoko udalbatzak zergak eta tasak %3 igotzea adostu zuten, EH Bildu eta Usansolo Herriaren aldeko boto, Auzoak eta PSE-EEren abstentzio, eta EAJ-PNVren kontrako botoekin.
BINKEk jaso zuen moduan, jeltzaleek salatu zuten «EH Bilduk igoera egin du Bizkaiko beste herri batzuek egin dutelako baina kontuan izan behar da udalerri bakoitzak bere idiosinkrasia eta kudeaketa ekonomikoa duela».
EAJ-PNVk Udal Gobernuak joera honekin jarraitu duela salatu du orain, eta azaroko osoko bilkuran adostu zen Torrezabal Kultur Etxeko saioetarako sarreren prezio igoera kritikatu du. «Erabat desegokia ikusten dugun igoera, une zehatz honetan egitea ez da derrigorrezkoa», azpimarratu dute.
«Entitateek %25erainoko igoerak jasango dituzte, irabazi asmorik gabeko jarduerak egiteko kultur ekipamendu desberdinak erabiltzeagatik. Hala, antzerki, arte edo antzeko ekoizpenak egiten dituzten entitateek ere aretoa erabiltzeko prezioa igoko dute, eta zuzeneko musika ekitaldietako saioetarako sarreren prezioak ere igoko dira», salatu dute jeltzaleek.
«Zinemako sarrerei dagokienez, egun arruntetan %11ko igoera izango da eta %14ra iritsiko dira haurren saioetarako eta ikusleen egunerako sarreren igoerak, azken hau nahiko deigarria dela», adierazi dute EAJ-PNVtik.
«Aspalditik kritikatzen ari gara Udal honek epe ertain eta luzera eragin ekonomikoaren azterketarik gabe egindako gastua», azpimarratu dute.