Langileek Bridgestonek proposatutako aldi baterako enplegu erregulazioa salatu dute Auzitegi Nazionalean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Bridgestone enpresak hainbat lantegitan aldi baterako enplegu erregulazioak egiteko asmoa duela jakinarazi zuen, tartean Usansolokoan, ‘Josefina’ izenez ezaguna denean. Langileen sindikatu independenteak neurria salatu du Espainiako Auzitegi Nazionalean, «enpresak ez duelako kontratuak etetearen ordezko irtenbiderik eman».
Bridgestonek hainbat lantegitan aldi baterako lan-erregulazioak planteatzeko asmoa duela jakinarazi zien sindikatuei azaroan. BINKEk jaso zuen moduan, enplegu erregulazioa lau lantegi hauetan egingo dute: Usansoloko ‘Josefina’, Basauri, Puente de San Miguel eta Burgos.
Enpresak adierazi zuenez, aldi baterako enplegu erregulazioko espediente hau «beharrezkoa da biltegietako gehiegizko stockagatik eta aurreikusitako eskari-murrizketagatik».
Orain enpresaren langileen sindikatu independenteak aldi baterako enplegu erregulazioa salatu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Sindikatuaren esanetan,«legez aurreikusitako baldintza formalak betetzera mugatu da» aldi baterako lan-erregulazioa negoziatzeko orduan, eta «negoziazio osoan zehar mugiezin mantendu da».
Sindikatuak ziurtatu duenez, Bridgestonek «ez du kontratuen etetearen ordezko irtenbiderik negoziatu» eta ez du eskatutako informazio guztia eman «neurri hori justifikatzeko arrazoiak badaudela egiaztatu ahal izateko».
Langileek adierazi dutenez, aldi baterako enplegu erregulazio hau «bateraezina da enpresak lortutako mozkin errekorrekin».