Karlos Gorrindok «Funanbulistaren beldurra» testigantza-liburua aurkeztu du Sormenen
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
Karlos Gorrindok «Funanbulistaren beldurra» testigantza-liburua aurkeztu du Sormenen
TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Literatura nagusitu da Torrezabalen Sormenek egunean zehar antolatutako solasaldiekin. Jabi Elortza eta Patxi Larrinoa entzun ondoren, Karlos Gorrindo eta Isidro Etxabe egon dira oholtzan Gorrindoren «Funanbulistaren beldurra» liburu berria aurkezten.
Gaur, abenduak 19, Sormenek antolatutako bigarren ekitaldiak goizeko 10:30ean izan du hasiera, eta Karlos Gorrindo eta Isidro Etxabe izan ditu bigarren protagonista. Gorrindoren idazle ibilbidea 1992. urtean hasi zen, eta geroztik, hainbat obra idatzi ditu; helduentzat hiru nobela, haur eta gazte literaturan sei liburu, eta guzti hori gutxi balitz, beste bi liburu itzuli ditu euskarara. Idazleak Torrezabalen bere azken obra aurkeztu du, 2020ko maiatzean argitaratutakoa: «Funanbulistaren beldurra». Aipatzekoa da ere Joseba Sarrionandiak liburuaren hitzaurrea egin duela, Gorrindoren hitzetan «bera ere liburuko protagonista delako».
Kapituluka dago banatuta liburua, eta kapitulu bakoitzeko hasieran musika talde baten izena edo abestiren bat txertatuta dago, kapitulu bakoitza girotzeko. Horrekin lotuta, liburua Euskal Herriko 70-90. hamarkada bitartean kokatzen da, euskaldunengan utopia pentsamendua hasi zenean, ETAren agerpenarekin batera. Liburua berez eleberria da eta kronika kartzelariotzat ere har daiteke, baina Gorrindorentzat «Funanbulistaren beldurra» gehienbat testigantza liburua da, liburuan zehar kontatzen dena idazleari gertatutakoa baita. Obran zehar kartzelan bizitako esperientzia latzak nagusitzen dira, baina Etxabek ondo azaldu duen moduan, kartzelako momentu maitagarriak ere ageri dira.
Sormenen Gorrindo eta Etxabe liburuaren inguruan berba egiten eta hainbat zehaztapen eskaintzen ibili dira. Bien arteko harreman ona begibistakoa izan da, eta horregatik, liburuaren inguruko aurkezpena egin baino, liburuaren inguruan solastera etorri diren bi adiskide izan dira. Hain sakona da bien arteko adiskidetasuna, non Gorrindok Sarrionandiarekin batera, Isidro neurri handi batean ere liburuaren protagonistatzat hartzen duen.
Eguneko bigarren saioari Gorrindok eta Etxabek amaiera eman ondoren, Miren Amuriza eta Eider Eibar izango dira oholtza gainean «Kokonutt» lana aurkezten. Horrekin batera, Sormeneko gaurko eguneko eta biharko saio guztiak gure webuneko hasiera-orritik jarraitu ahal izango dira zuzenean.