Kirol Bonoa otsailaren 26tik eskatu ahal izango da, 10€ ordainduta 20 euroko balioan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Antonio Diaz
«Kirola hurbilago» lemapean, bueltan datoz Kirol Bonoak Galdakaora eta otsailaren 26tik aurrera eskuratu ahal izango dira. Hauetako bakoitzarekin, erabiltzaileak 10€ ordainduta 20 euroko balioa duen bonua jasoko du.
Herriko gimnasio eta kirol zentroetan erabiltzeko bonoak kaleratuko dituzte otsailaren 26tik Galdakaoko Udalak eta Gu Dendari elkarteak. «Kirola hurbilago» lemapean, kanpainaren helburua herritarren artean kirola egiteko ohitura sustatzea eta udalerriko kirol zentroei bultzada ematea da.
Kanpainari atxikitako udalerriko zentroetan erabili ahal izango dira bonuak eta erabiltzaileak 10 euro ordainduko ditu, trukean 20 euroko balioa duen bonua jasotzeko. Pertsona bakoitzak, gehienez, hamabi bonu eskuratu ahal izango ditu eta martxoaren 31a baino lehen erabili beharko ditu.
Bonuak webgunean salduko dira eta 65 urtetik gorakoek Gu Dendari elkartearen bulegoan ere erosi ahal izango dituzte. Webgune berean ezagutu daiteke kanpainari atxikitu diren zentroen zerrenda.