Greziako erreferentziak dituen «Odisea» diska berria aurkeztu du Sormenen Raust taldeak
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
Greziako erreferentziak dituen «Odisea» diska berria aurkeztu du Sormenen Raust taldeak
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Rock taldeekin jarraituz Bausariko Raust! taldeak hartu dio lekua Hilotzi. «Odisea» haien lan berria aurkeztu dute euskal kulturaren eta sormenaren plaza berri honetan, doinu biziz, melodia agudoekin eta distortsioaren laguntzaz.
Raust! 2015ean sortu zen Basaurin, eta hainbat musika estiko jorratzen dituzte: rocka, bluesa edota grungea, batzuk aipatzearren. Asier Salazar, Iñigo Benitok, Aitor De la Perak, Iñigo Torresek, Karmelo Usategik eta Unai Luzuriagak osatzen dute taldea, eta haien bigarren lana aurkeztu dute gaur Sormenen. Deustuko Gazte Lokaleko Bertsio Gauean emanaldi bat egiteko sortu zen taldea, eta hortik geroztik aurrera jarraitzea erabaki zuten. Honela, 2017an lau kantek osatzen zuten lehen maketa kaleratu zuten, «Raust!», eta urte berean Banden Lehiako finalerako sailkatu ziren. Aurten, berriz, haien lehen lan luzea argitaratu dute, «Odisea» du izena eta haien kabuz ekoitzi dute.
Lan berri honetan Greziako hainbat erreferentzia erabili dituzte diska gorpuzteko, horren adibide dira, adibidez, haiek aipatzen dituzten «Vox populiak». Kanta gehienek badute kritikotasun puntu bat, baina askotan mezua zeharka azaltzen da, eta ez da modu argi eta zuzen batean antzematen hau. Greziako mitologiako pertsonaia desberdinak baliatuz, egun gizartean aurki daitezkeen bidegabekeriak, edota geroz eta handiagoak diren sektore desberdinetako salaketak islatzen dituzte bertan. Horren adibide da, adibidez, diskan azaltzen den «Medusa» kanta: era toxiko batean erlazionatzen den pertsona baten inguruan hitz egiten du honek.
Orokorrean, rock klasiko eta metal kantuez osaturiko kontzertua izan da Raust! taldeak eskaini duena. Doinu ilunak, garrasiekin eta ahots urratuekin, baina melodia aldetik altuera agudo batetik. Gitarraren distortsioa eta erritmo zehatzak erabiliz hornitu dituzte kantuak, burua eragiten duten horietakoak. Azken boladan kontzertu gutxi eskaintzeko aukera izan dutela azpimarratu du taldeak, eta honekin batera, publikoarekin harremana izatea faltan botatzen dutela ere bai. Hala ere, zailtasunak zailtasun, beste hiruzpalau kontzertu itxi dituzte dagoeneko, adibidez, abenduaren amaieran Igorreko Kiñu gaztetxean aurkeztuko dute lan berria, eta beranduago, urtarrila erdialdean, Lemoako gaztexean.
Arratsaldearekin jarraitzeko, musika genero berdinarekin jarraitu eta Ro taldea izango da Raust!-en ondoren oholtza hartuko duena. Gainontzeko saioak moduan, datorren kontzertua ere Binkeren webgunetik jarraitu ahal izango da streaming bidez.