Txomin Bustinza hil da, Gabonetako Jaiotza ezagunaren Galdakaoko egilea
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Berak sortutako Gabonetako Jaiotza urtero herritarrentzat ikusgai jartzen zuen Txomin Bustinza galdakoztarra zendu zen atzo, zapatua. Udalak doluminak adierazi dizkio bere sendiari.
Galdakoztar askoren hitzordua zen Gabonetan Zabalea auzoko 69. zenbakira gerturatzea, bertan ikusgai jartzen baitzuen urtero Txomin Bustinza galdakoztarrak berak egiten zuen Jaiotza. Bada, aurrerantzean hutsune hori nabarituko dute Gabonzaleek Galdakaon, pasa den zapatuan —otsailak 24— zendu baita Txomin Bustinza herrikidea.
«Galdakaok faltan botako du urtero atsegin genuen Jaiotza, baina askoz gehiago bera; atseden hartu bakean» adierazi du Udalak sare sozialen bidez. Eta aitortza hori harago ere eraman zuen udalerriko erakundeak, 2023ko urriko osoko bilkuran lau herritarreri aitortza egin baitzien Udalak, Txomin Bustinzari tarteko.
Gainera, Bustinzak ekarpen polita egiten zuen bere Jaiotzarekin, bere bisitetatik jasotzen zuen dirua minbiziaren aurkako Bizkaiko elkarteari ematen baitzion. Azken Gabonetan ia lau mila euro batu zituen aipatutako elkartearentzat.