Estanko batean lapurreta egiten saiatu den pertsona bat atxilotu du Galdakaoko Udaltzaingoak
Atxiloketa
BINKE / 2021eko urtarrila
Estanko batean lapurreta egiten saiatu den pertsona bat atxilotu du Galdakaoko Udaltzaingoak
TESTUA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko estanko batean lapurreta egiten saiatu den gizon bat atxilotu du gaur, asteazkena, udalerriko udaltzaingoak. Ezbeharra 19:00 aldera gertatu da eta Binkek bai udaltzainburuarekin zein estankoaren jabearekin berba egiteko aukera izan du.
Galdakaoko Udaltzaingoak bere Twitter kontutik eman du berria gaur, urtarrilak 20: «Pertsona bat atxilotu dugu, udalerriko establezimendu batean atrako bat egiten saiatzeagatik».
Lapurreta «armatua zihoan gizonezko batek» egin du Galdakaoko estanko batean, Ertzaintzaren komunikatu batek adierazi duen bezala. Binke Udaltzaingoarekin harremanetan jarri da berria jakin bezain pronto, eta estankoaren jabeak abisua eman izanari esker atxilotu ahal izan dutela jakinarazi du erakundeak.
Salaketa jaso eta berehala gerturatu dira udaltzainak, gaur 19:00 aldera, ezbeharra gertatu den lekura. «Jabeak emandako deskribapenei esker eta bereziki kotxearen matrikula gogoratu izanagatik atxilotu ahal izan dugu, kale batzuk gorago, ustezko erasotzailea», esan dio Udaltzaingoak Binkeri.
Erasoan ez da zauriturik egon, eta polizia gertatutakoa ikertzen hasi da, baita lapurreta honek inguruko herrietan gertatu diren beste kasu batzuekin zerikusia duenik aztertzen hasi ere.
Jabearen testigantza. Arratsaldeko 18:50 aldera izan dira estankoaren jabeak, S.G.M. inizialak dituen emakumeak, dendaren kanpoaldean 40 urte inguruko gizon bi ikusi dituenean.
Ugazabandreak aldizkari honi aitortu dio susmo txarra hartzen ziela aipatutako bi gizonei, eta halaxe kontatu du:
«Kanpoan eserita egon naiz, gizon biak elkarri txanoa ondo jartzen, baina geldi-geldi egon direla ikusi ditudanean; ez galdetu zergatik baina ez didate bibrazio onik eman, eta horregatik dendara sartu naiz. Dendaostera sartu naiz jarraian, bertan kameretatik ikusten dena pantailan ikus dezakedalako, eta orduantxe ikusi dut mutil bat sartzen. Nire iloba izan zitekeela pentsatu dut hasieran, baina atoan konturatu naiz kanpoan ikusi dudan gizona zela. Beraz, mostradorera irten eta pistola txiki batekin nigana etorri da, dirua emateko oihukatuz. Nik ezetz esan diot eta bera jotzen hasi naiz, alde egiteko esanez. Esan eta egin, alde egin du jarraian».
Alde egin duenean ondoko dendakoa irten omen da eta estankoaren jabearekin batera atzetik jarraitu diete biei, lapurreta egitera sartu denari eta kideari, baina ezin izan dituzte eutsi eta ihes egin dute. Ordea, bertan zegoen lekuko bati esker kotxearen matrikula gogoratu eta horrela lortu du Udaltzaingoak Lapurdi kalean atxilotzea ustezko lapurra.
Polizia kanpoan itxaron duen kidearen eta erasoa egin ahal izateko erabili duten pistolaren bila dabilela aitortu dio Binkeri S.G.M.-k. «Ni ondo nago eta ezusteko batean geratu da dena, orain beraz hobe dugu barre egitea» esanez amaitu du estankoaren jabeak Binkerekin izan duen telefono-deia.