Ainara Goitiandiak ‘Sorginkeria Irratia’ podcast feminista martxan jarri du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ainara Goitiandiak bidalitakoa
Ainara Goitiandia galdakoztarrak ‘Sorginkeria Irratia’ podcast feminista martxan jarri du Libertad Daganzorekin batera. «Feminismo erradikala, klase borroka, euskal kultura eta umorea» dira saioen ardatzak.
Mozoilo Irratian bi urte eman ostean, bere kabuz ‘Sorginkeria Irratia’ podcast feminista martxan jarri zuen Ainara Goitiandia galdakoztarrak pasa den irailean Libertad Daganzorekin batera. «Genuen entzule kopurua kontuan hartuta gure kabuz egitea erabaki genuen», azaldu digu BINKEko kolaboratzaile den galdakoztarrak.
Daganzoren etxean grabatzen dituzte saioak, haiek erositako materialarekin, eta «gure kabuz egitearen abantailak ditugu, ordutegia adibidez. Guk nahi eta ahal dugunean grabatzen dugu», azaldu du Goitiandiak.
‘Sorginkeria Irratia’ podcastean feminismo erradikala, klase borroka, euskal kultura eta umorea dira oinarriak eta Spotify eta Ivoox plataformetan eta Sorginkeria Irratiaren webgunean entzun daiteke.
Astean behin kaleratzen dute saio berria eta bi motatakoak tartekatzen dituzte: ‘caldero’ izenekoak eta ‘pócimas’. ‘Caldero’-etan elkarrizketak egiten dituzte eta politika, feminismoa eta beste hainbat gaien inguruan aritzen dira. ‘Pócimas’ izenekoetan aldiz, gai ezberdinak uztartzen dituzte saio laburragoetan.
«Hori guztia uztartzen dugu baina beti feminismoa ardatz dugula. Azken finean, ‘Sorginkeria Irratia’ podcast feminista bat da», nabarmendu du Goitiandiak.