Pantaila erraldoia Galdakaon, Athletic Clubek jokatuko duen Kopako finala ikusteko
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: David Álvarez, Google Maps
Athletic Clubek RCD Mallorcaren aurka jokatuko duen Espainiako Kopa zuzenean pantaila erraldoiaren bidez kalean ikusteko aukera eskainiko du Galdakaoko Udalak apirilaren 6an. Ondoko albistean batu dugu udalerriko erakundeak emandako informazio guztia.
Futboletik harago, bizkaitar eta kirolzale askorentzat egun seinalatua da 2024ko apirilaren 6a, egun horretan jokatuko baitu Athletic Clubeko gizonen taldeak Espainiako Kopako finala. RCD Mallorcaren aurka biziko du norgehiagoka talde zurigorriak, Sevillako La Cartuja futbol-zelaian, eta finala ikusteko pantaila erraldoia jarriko du Galdakaoko Udalak.
Ardanza parke galdakoztarrean jarriko du Udalak pantaila hori, 6×4 metroko neurria izango duena eta 30.000 watioko soinuz lagunduta izango dena. Partida 22:00etan hasiko bada ere, «aurretik musika egongo da bertaratzen direnek jai giroan itxaron dezaten norgehiagokaren hasiera», adierazi du udalerriko erakundeak ohar bidez.
Udalak argitaratutako oharrean zera adierazi du: «Talde zurigorriak azken kopa lortu zuenetik 40 urte bete diren honetan, ilusio handia piztu da zaletuen artean orduko garaipena errepikatuko dela pentsatuta. Askok Andaluzia aldera joko dute, baina Galdakaon geratzen direnek ere biziki goza dezaten, partida ikusteko pantaila erraldoia jarriko du Udalak Ardanza parkean».