Galdakao Bolei Taldearen partida erabakigarria Ardanza parkeko pantaila erraldoian eskainiko da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakao Boleibol Taldeko senior gizonezkoek mailaz igotzeko partida erabakigarria jokatuko dute bihar, apirilak 6. Partida Ardanza parkeko pantaila erraldoian eskainiko da.
Galdakao Boleibol Taldeko senior mailako gizonezkoen taldeak Madrilgo Chamartin Vergararen aurka jokatuko du bihar, apirilak 6. Norgehiagoka hori Superligako 2. mailara igotzeko erabakigarria da eta «lorpen historikoa» izan daiteke galdakoztarrarentzat, hainbat denboralditan bilatu baitu.
Partida 18:30etan izango da eta Galdakaoko Udalak Ardanza parkean kokatuko duen pantaila erraldoian ikusi ahal izango da.
Pantaila honetan, BINKEk jaso zuen moduan, Athletic Clubek RCD Mallorcaren aurka 22:00etan jokatuko duen Espainiako Kopako finala ikusi ahal izango da.
Galdakaoko Udalak «Ardanza parkera hurbiltzera, arratsalde eta gauean biziko den jai giroaz gozatzera eta topaketa erabakigarri honetan herriko taldea animatzera» gonbidatu ditu herritarrak.