Kiroldegietako langileek bi asteotan deitutako grebak eragina izan dezake Galdakaon ere
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Bizkaiko kiroldegietako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute, eta sei greba egun antolatu deituzte aste honetarako eta hurrengorako. Galdakaoko kiroldegietan ere eragina izan dezakete greba egunek, funtzionamenduan zein bertan eskaintzen diren zerbitzuetan.
Mobilizazioekin jarraitzen dute Bizkaiko Lokal eta Kirol Zelaietako langileek. Sindikatuen esanetan «udalek gero eta gehiago murrizten dute kiroleko gastua», eta sektore horretako langileak dira «ondorioak gehien» pairatzen dituztenak.
Horregatik, beste sei greba egun deitu dituzte aste honetan eta hurrengoan. Atzo izan zen lehenengo eguna eta honako egun hauetan deitu dute ere greba: apirilak 11, 12, 13, 15 eta 16. Halaber, maiatzaren 7, 8, 9 eta 10ean greba egingo dute langileek.
Grebara batzen diren langileen arabera, protestak eragina izango du kirol instalazioen irekieran edota bertan ematen diren zerbitzuetan. Kalteak erabiltzaileak izaten ari diren jakitun da Galdakaoko Udala, eta, «ikastaroen antolatzailea den heinean, erabiltzaileei dagokien dirua itzultzea erabaki du»: kirol ikastaroetako saioak galdu dituzten erabiltzaileei, jaso ez dituzten saioei dagokien diru kopuru proportzionala itzuliko die, ofizioz, gatazka amaitutakoan.
Ondoren, Udala bera konponduko da Guedanekin, enpresak bueltatu beharreko diruari buruz. Aurreko deialdietan bezala, «gatazka lehenbailehen konpontzeko ahalegina» eskatu du Udalak.