Gardentasun atari berria estreinatu du Galdakaoko Udalak, «informazioa erraz eskuratzeko»
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: BINKE
Herritarren eskura aktiboki jarri behar den informazio guztia «ondo antolatuta» jasoko duen gardentasun atari berria estreinatu berri du Galdakaoko Udalak, «erraza, intuitiboa eta bisualki atseginagoa» dena.
Erakunde publikoek derrigor bete behar dute gardentasunari buruzko lege eta ordenantza. Aldiz, Udal batek bere kontuak herritarren eskura aspalditik izan baditzake ere, informazio «garden» horiengana nola iritsi beste kontu bat izanen da. Eta horregatik gardentasun ataria estreinatu berri du Galdakaoko Udalak.
Hala onartu du Udal galdakoztarrak ohar bidez ere: «Legeak ezartzen duen betebehar hori formalki aspalditik betetzen du Galdakaoko Udalak, aspaldi baitu indarrean gardentasun ataria. Praktikan, ordea, zailtasunez betetako gunea izan da orain arte, zaila baitzen bertan informazioa topatzea».
Hori dela eta, gardentasunaren atari berri bat eraikitzeko lanean buru belarri aritu da azken urte eta erdian Galdakaoko Udala, Parte Hartze eta Gardentasun arloaren bidez. Baina dagoeneko prest dago webgunea, «herritarren eskura aktiboki jarri behar den informazio guztia ondo antolatuta jasoko duena, erraza, intuitiboa eta bisualki atseginagoa», adierazi du Udalak.
Bost atal nagusi ditu aipatutako atariak: gardentasuna bera, udal antolaketa, aurrekontuak eta ondarea, dirulaguntzak eta hitzarmenak, eta kontratazio publikoa. Atal guztietan, gainera, ohiko galderak irakurtzeko aukera dago, «atariko informazioa interpretatzen jakiteko oinarrizko kontzeptuak modu errazean azaltzen saiatzen dena», dio erakundeak.
Gardentasun atari berrira Galdakaoko Udalaren webgune nagusitik sartu daiteke edota zuzenean gardentasuna.galdakao.eus helbidean, bai ordenagailu zein gailu mugikorretatik ere.