Navas ahizpak Burdeosen aritu ziren Arratiako koruarekin
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Garazi Navasek bidalitakoa
Garazi Navas usansolotarrak zuzentzen duen Arratiako korua Burdeoseko San Andres katedralean kantatu zuen pasa den domekan, uztailak 7. Guztira 35 kantari izan ziren, haien artean Larraitz Navas, Garaziren ahizpa.
Arratiako koruak esperientzia «oso polita» bizi zuen pasa den asteburuan, izan ere, Frantzian izan zen kantatzen. Zehazki, Burdeoseko San Andres katedralean aritu ziren domekan, 10:30ean egin ohi den meza nagusian.
Guztira 35 abeslari izan ziren kantatzen, tartean Larraitz Navas usansolotarra, bere ahizpa Garaziren zuzendaritzapean. Azken hau Arratiako koruaren zuzendaria da.
Mezako eta beste motatako euskarazko abestiak kantatu zituzten katedralean, besteak beste, ‘Ama maite’, ‘Azken gauean’, ‘Aita gurea’, eta ‘Santa Ageda zaharra’.
«Oso gustora egon ginen eta meza luzea izan zen arren, jendearen babesa jaso genuen. Oso polita eta berezia izan zen, benetan», aitortu dio Garazik BINKEri.
Arratiako koruak ikasturte honetan emandako azken emanaldia izan zen Burdeosekoa eta urrian bueltatuko dira entseguetara.