Txipiritak: «Gaztetxea beharrezkoa ikusten dugu gure herrian!»
Txipiritak kuadrila @txipiritak
BINKE / 2021eko apirila
«Gaztetxea beharrezkoa ikusten dugu gure herrian!»
GALDERAK: Bertan Behera kuadrila @bertanbehera
Nondik dator Txipiritak izena? Ba egia esan zerbait inprobisatua izan zela esan beharra daukagu. Gutako batek txopitoei betidanik «txipirito» deitzen zien, besteok ere horrela deitzen geniola pentsatuz, baina egun baten jolasten geundela pertsona horrek txipirita hitza bota zuen, eta besteok kriston barreak egin genituen. Hori ere txibiritekin lotu genuen, kuadrila identifikatzen dutela uste baitugu. Hortik gure logoa!
Noiztik ezagutzen duzue elkar? Ikastolan ezagutu genuen elkar, egia da txikiak ginenean bakoitzak bere taldetxoa zuela, baina urteak aurrera joan ahala, gure arteko harremana sendotu egin zen kuadrila osatzeraino eta hortik gaur arte.
Zeintzuk dira zuen lekurik gogokoenak Galdakaotik zapatu ohi baten irtetzeko? Zapatuetan Galdakaoko kuadrila gehienak moduan Someratik ibiltzea gustatzen zaigu, baina Covid garaiak direla eta, gutxiago ibiltzen gara bertatik. Eta ez da ez dugulako nahi, baizik eta beti berandu gabiltzalako eta askotan leku barik gelditzen garelako.
Gure herrian zerbait botatzen duzue faltan? Dudarik gabe gaztetxea beharrezkoa ikusten dugu gure herrian. Horrez gain, metroaren falta ikusita, juergetatik bueltatzeko trena herritik hurbilago jartzea eskatuko genuke.
Jaietako txapelketarako frogaren bat asmatu beharko bazenute, zein izango litzateke? Esan beharra daukagu Galdakaoko jaietako frogek aniztasun handia daukatela, baina froga berri bat sortu beharko bagenu, arrantza lehiaketa izango litzateke. Ea nor den trebeena kanabera botatzen!
Zein iritzi duzue Binke aldizkariari buruz? Aldizkaria oso baliagarria iruditzen zaigu, gure herriari buruzko informazioaz jakitun egoteko eta kuadrilen artean gertatzen diren gauzez saltseatzeko.
«Fuck, marry, kill» challenga Fvckgolons, Trabus eta Firu kuadrilekin egin beharko bazenute, zein izango litzateke emaitza? Hiru kuadriletatik harreman eskasena Fuckgolonsekin daukagunez, min handiz haiek hiltzea erabaki dugu. Beste bi kuadriletatik sutsuenak Trabus iruditzen zaizkigunez, beraiekin pasiozko gau bat pasatuko genuke. Eta gauzak horrela, Firurekin ezkonduko ginateke kuadrilako batzuekin harreman estuagoa dugulako.
Noiz uste duzue ospatu ahal izango ditugula hurrengo Santakurtzak? Gugatik izango balitz, aurtengo jaiak gustura ospatuko genituzke, baina egoera ikusita zail xamar ikusten dugu. Beraz, adi, hurrengo urtean kuadrilen arteko txapelketan podiumean gelditzeko entrenatzen jarraituko dugu-eta!
Kuadrila modura, zelan deskribatuko zenukete zuen burua? Alaiak, saltserak eta juergazaleak garela esan dezakegu. Hala ere, gure artean oso desberdinak garela gauza argia da, baina gure arteko harremana oso osasuntsua eta onuragarria dela esan dezakegu. Denok jartzen dugu gure aldetik giroa ahalik eta erosoena izan dadin!