Aisialdian euskararen erabilera indartzeko programa jarri du martxan Galdakaoko Udalak

Argazkia: Galdakaoko Udala.

Herriko haur eta nerabeek eskolaz kanpoko aisialdian euskararekin harreman estuagoa izateko helburuz, Euskara Indartze programa jarri du martxan Galdakaoko Udalak. Ekimenak bi atal ditu, bat haurrentzako eta bestea helduei zuzendutakoa.

Galdakaoko ikasle batzuek eskola orduetatik kanpo hizkuntzarekin harreman gutxi dute, eta horrek zailtasuna sortzen die euskara ikasteko eta erabiltzeko unean. 

Horri erantzuna emateko, Galdakaoko Udalak, herriko ikastetxeekin elkarlanean, Euskara Indartze programa jarri du martxan.

Ekimenak bi atal ditu. Batetik, haur eta nerabeekin egiten dena, euskara jolasen bidez modu ludikoan lantzekoa. Bestetik, helduei zuzendutakoa, hizkuntzara hurbiltzeko eta erabiltzeko aukerak eskaintzen dituena. 

Lehenengo programa LH1etik DBH2ra bitarteko ikasleei zuzenduta dago, eta aurten 12 talde osatu dira. Beste herrialde batetik iritsi berri diren edo duela gutxi etorritako haurrek lehentasuna dute, baita euskara ikasteko edo erabiltzeko zailtasunak dituzten beste ikasle batzuek ere. Saioak astean behin egingo dira ikastetxeetan, ikasturte osoan zehar, eta izen ematea ikastetxeetatik bertatik kudeatzen da. 

Bestalde, programak helduentzako eskaintza ere badu; saioak Torrezabal Kultur Etxean egingo dira, asteazkenero, 10:30etik 11:30era. Horrez gain, berrikuntza moduan, aurten familiei zuzendutako saio pilotua ere egingo da Aperribai eskolan. Astean behin elkartuko dira gurasoak, astelehenetan, 15:30etik 16:30era, euskarara lehen hurbilketa egiteko eta euren seme-alabei hizkuntza transmititzen laguntzeko helburuarekin. 

Helduen programan izena emateko aukera dago oraindik. Interesa dutenek edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek Udaleko Migrazio arloarekin jar daitezke harremanetan 944010563 edo 688624752 telefonoetan.

Ekimenaren bitartez, Galdakaoko Udalak «euskararen erabilera sustatzen jarraitzen du, haur, nerabe eta familiei hizkuntzarekin harremana izateko espazioak eskainiz eta herriko ikastetxeekin elkarlana indartuz».
 

situs togel

situs toto