Oier Ibarretxe, Pedro Apellaniz eta Iñaki Astigarraga olinpikoak omendu zituen Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Oier Ibarretxe galdakoztarrak, aurtengo Santakurtzetako pregoilariak, Parisko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen uztailean. Boxeolaria eta aurretik Joko Olinpikoetan izandako Iñaki Astigarraga txirrindularia eta Pedro Apellaniz atleta omendu ditu Galdakaoko Udalak.
Galdakoztarrek Oier Ibarretxe boxeolaria aukeratu zuten aurtengo Santakurtzetako pregoilaria izateko eta gazteak galdakoztar guztiontzako mezua bota zuen udaletxeko balkoitik, Zaukena Zauk kuadrilako Ainhoa Artetxek txupina piztu baino lehen.
Ibarretxek Joko Olipinkoetan parte hartu zuen uztailean eta herritarrek pregoilari izateko emandako aukeraz gain, omenaldia egin nahi izan dio Galdakaoko Udalak. Halaber, aurretik Joko Olinpikoetan izandako Iñaki Astigarraga txirrindularia eta Pedro Apellaniz omendu ditu Udalak ekitaldi berdinean.
Jaiotzaz durangarra izan arren, Galdakaon egin du bere bizitza gehiena Iñaki Astigarraga txirrindulariak. 1960ko Olinpiar Jokoetan eta taldeko erlojupeko lehian olinpiar diploma lortu zuen Erroman.
Pedro Apellaniz Zarraga aldiz, xabalina jaurtiketan «aparta» izan zen eta zazpi aldiz hautsi zuen Espainiar Estatuko errekorra. 1948. urtean izan zen olinpiko Londresen eta 1955ean Mediterranear Jokoetan brontzezko domina lortu zuen.
«Galdakaoren izena munduan zehar zabaltzeagatik» eskerrak eman zizkieten hirurei Iñigo Hernando alkateak eta Asier Korta Kirol zinegotziak Udalaren izenean. Esker on hori adierazteko, zilarrezko haritza hostoa eman zieten Oier Ibarretxeri, Iñaki Astigarragari eta Pedro Apellanizen loba den Enrique Jugori.