Udal Gobernuak 13 milioi euro gehituko dizkio urteko aurrekontuari
Ekonomia
BINKE / 2021eko apirila
Udal Gobernuak 13 milioi euro gehituko dizkio urteko aurrekontuari
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Udal Gobernuak 13 milioi euroko aldaketa aurkeztuko duela iragarri du gaur Galdakaoko alkateak. Kopuru horrekin bideratuko dira, besteak beste, arrapala mekanikoak, igogailu eta igarobide berriak, Elexaldeko igerilekuetako taberna, kirol-instalazio berriak edota lursail berriak erostea. Albiste honetan zerrendatu ditugu, zehatz-mehatz, 27 proposamen berrietariko batzuk, aurrekontu eta guzti.
Datorren eguenean egingo den apirileko Ohiko Osoko Bilkuraren aurretik, Galdakaoko Udal Gobernuak herriari prentsaren bitartez azaldu gura izan dio bere urteko aurrekontuetan aldaketa nabarmen bat egin gura duela. Berri hori azaltzeko ardura Iñigo Hernando Arriandiaga alkateak izan du gaur. Aldaketa honekin, «Udal honek urteetatik herritarrekaz daukan zorra pixkanaka herriari bueltatzen hastea da», azaldu du Arriandiagak.
«Zor» hori nondik datorren ere esplikatu du alkateak. Batetik, aurreko legegintzaldietan egin barik geratu diren proiektuak «behingoz bideratu diralako Udal Gobernu hau udaletxean dagoanetik». Eta aurreko argudioa indartzeko adibide bi jarri ditu Arriandiagak: Ibaizabalen berbideratzearekin jarraitu ahal izateko desjabetzeak gauzatu dituela —bestela URAk ezingo luke hirugarren fasearekin jarraitu— eta 2015etik kobratu barik egon diren eraikinetako gainbalioak kobratu egin direlako iraungi baino lehen —horretarako langile bat jarrita eta modu honetan diru-kutxara 600.000€ gehituta—.
Bestetik, «galdakoztarren ongizatean igarriko dan proiektu barriak egia bilakatuz» kitatzen joan gura du Galdakaoko Udalak hasieran aipatutako zorra, eta udaletxean bakarrik eskaini duen prentsaurrekoan alkateak berak gaineratu du: «Hamarkadatan mila proiekturako dirua gordetzen joan da Udala, baina gero ez ebazan proiektuok gauzatzen; holan ba, milioika euro daukaz Galdakaoko Udalak soberakinetan».
Soberakinak ez du superabitarekin zerikusirik, azken hau gastatu ez den gastu-estrukturalen aurreikuspenetik ateratzen delako. Soberakina aldiz, egin barik geratu diren proiektuetatik ateratzen da. Kopuru horiek diru-kutxa batera sartzen dira eta horrela egin ditu Galdakaoko Udalak azken urteetan 40 milioi euro soberakinetan.
«Soberakin ekonomiko horri irtenbidea emoten» hasi gura du Udalak, Iñigoren esanetan, eta horregatik datorren egueneko Ohiko Osoko Bilkuran aurkeztuko du Udal Gobernuak 13 milioi euroko aldaketa urteko aurrekontuetan.
Hamahiru milioi horiek Udalaren sei arlotan gehituko dira eta legegintzaldi honetan burutuko dira. Hauek adibide zehatzetariko batzuk:
Hirigintzan
- N-634 errepidean biribilgunea egiteko lanak: 1.264.184€.
- Elexaldeko igerilekuko taberna: 1.000.000€.
- Tximelarreko igogailua: 688.000€.
- Pontzi Zabalako arrapala mekanikoa, 1. fasea: 1.250.000€.
- Berezikoetxeko parkeko estalkia: 483.000€.
- Asfaltatzea eta zolaketa hirigune eta baserri guneetan: 1.463.000€.
- Aperribaiko 1. igogailua: 831.000€.
- Aperribaiko igarobidea konpontzea: 740.000€.
- Olabarriko igarobidea konpontzea: 380.000€.
- Etxebizitza dotazionalak: 248.000€.
- Markesina propioak, ez dagoen lekuetan jartzeko: 50.000€.
- ESAN handitzeko, ondoko lokala egokitzea: 250.000€.
Ondarean
- Etxebizitzak erosteko: 246.000€.
- Udal lokalak egokitzeko: 200.000€.
- Egiako eskola ondoko lurrak erosteko: 42.000€.
- Lurra Olabarrin: 27.000€.
- Elexalden baserria eta lurra: 240.000€.
- Ekipamendurako lurra Elexalden: 112.500€.
Kirolean
- Kirola aire librean egiteko kalistenia parkea: 48.000€.
- Bizikletak konpontzeko tailerra kalean: 15.000€.
- Ganguren Mendi Taldearekin hitzarmena, Upomendi inguruko bideak seinalizatzeko: 46.250€.
- Kirol ekipamenduetarako: 50.000€.
Informatikan
- Informatikako sistema eta zerbitzuak hobetzeko: 371.600€.
- Webgunea berritzea: 35.000€.
Kulturan
- Torrezabal Kultur Etxeko ekipamendua berritzeko: 24.000€.
- Arte eszenikoen sustapenerako: 36.000€.
Enplegu planean
- Aurretik zeuden 1.030.000 euroei 800.000€ gehituko zaizkio enplegu planari.