Beste Obus bat aurkitu dute Galdakaon
ESKLUSIBA
Memoria historikoa
BINKE / 2021eko apirila
Beste Obus bat aurkitu dute Galdakaon
TESTUA ETA ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Hilabete bakarrean agertu den bigarren Obus lehergailua izan da gaur Galdakaoko Ganguren mendiaren magalean gizon batek aurkitu duena, oinezkoak eta bizikletak sarri ibiltzen diren bidexka baten ondoan. Polizia-operazioa bertatik bertara jarraitzeko aukera izan du Binkek esklusiban.
Gaur hilabete, martxoaren 23an hain justu, aurkitu zuten Ibaizabal ibaiaren berbideratzea egiten ari diren langileek Obus bat Arkotxa parean. Gaur, apirilak 23, Gerra Zibileko bigarren Obus motako lehergailua aurkitu dute Gangurenen, Galdakao aldeko magalean eta antenak kokatuta dauden lekutik 200 metrora.
Adineko gizon batek eman du horren berri gaur arratsaldean, eta zerbitzutik kanpo zegoen udaltzain bati kontatu dio berehala. Honek bere lankideei deitu eta protokolo guztia aktibatu dute berehala.
Lehergailua —«orain hilabete agertu zena baino handiagoa», udaltzainen arabera— bizikletekin jaisteko egurrezko arrapalak dauden bidexka batean agertu da eta ertzain artezilariek lekuz aldatu dute Obusa, ertzainek Binkeri kontatu dioten moduan, «leku seguruago batean leherrarazteko». Bien bitartean, ertzainek eta udaltzainek Gangurenen gailurra eta bertara igotzeko bide guztiak perimetralki itxi dituzte.
Arratsaldeko zazpietan leherrarazi dute, eta inguruan jausi dira argazkian erakutsitako neurriko lehergailu-zorroak.