Berbalagunen aurkezpen-jaia egingo dute bihar, Galdakaoko Ganguren tabernan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Hego Uribeko Berbalagunen aurkezpen-jaia, 2023
Urtero legez, eta BINKEk horren berri urriaren 22an eman zuen bezala, martxan da Berbalagunen ikasturte berria. Eta horren berri eman eta euskaltzaleen artean batzeko asmoz, bihar aurkezpen-jaia egingo dute Ganguren tabernan. Jaiaren xehetasun gehiago batu ditugu ondoko albistean.
Normalean astean behin lagun talde bat elkartu —elkarren artean ezagunak izan zein ez izan— eta gustuko leku zein gustuen inguruan euskaraz berba egitea helburu duen egitasmoa da Berbalagun, Euskal Herriko herri gehientxuetan dagoen ekimena. Galdakaok ere baditu bere Berbalagun taldeak, parte-hartzaileen lehentasun eta aukeretara moldatuta asteko egun eta ordu desberdinetan batzen direnak.
Guztira 18 talde osatu dira aurten, Berbalaguneko koordinatzaile Asier Martinek urriaren 22an egin zuten prentsaurrekoan azaldu zuen bezala. Orain, aldiz, prentsaurreko baino, herritarren arteko aurkezpen-jaia egin gura dute beste urte batez. Hitzordua martitzenean izango da, hilak 5, Ganguren tabernaren rokodromoan 18:30ean hasita.
Jaitxo honen helburua «talde ezberdinetako kideak eta euskara ikasleak elkartzea eta euskaraz ondo pasatzea da», ekimenak bere sareetan iragarri zuen bezala. Horretarako, «pikatzeko eta edateko zerbait» jarriko dutela zehaztu zuten: «Bertan musika, jolasak, pikoteoa eta hainbat sorpresa izango dituzu!».
Aurkezpen-jaira joateko ez dago Berbalaguneko kidea izan beharrik, ezta sarrera ordaintzeko beharrik ere.