
Barrualde-Galdakao ESIa saritu dute, Garapen Jasangarriko Helburuak integratzeagatik
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Barrualde-Galdakao ESIa
Eusko Jaurlaritzak 60 erakunderen lana aintzatetsi du, beren jardueretan Garapen Jasangarriko Helburuak integratzeko hartutako konpromisoagatik. Hauetako bat Barrualde-Galdakao ESIa da eta Gemma Fernandez zuzendari-gerenteak jaso zuen saria Imanol Pradales Lehendakariaren eskutik.
Eusko Jaurlaritzak Garapen Jasangarriko Helburuekiko konpromisoa aitortu die 60 erakunderi, Euskadi Agenda 2030 Sarien lehen edizioan. Imanol Pradales Lehendakariak banatu zituen sariak otsailaren 24an Gasteizen egindako ekitaldian, eta aitortu zituen «pertsonak erdigunean jartzen dituen giza lehiakortasun-eredu batekin konprometitutako enpresak eta erakundeak».
Lehen aldiz eskaini den aintzatespen honek hiru kategoria izan ditu: aurreratua, konpromisoa eta bidean. Azken maila honetan 16 erakunde saritu dituzte, haien artean Barrualde-Galdakaoko ESIa. Gemma Fernandez zuzendari-gerente berriak jaso zuen saria Pradalesen eskutik.
Lehendakaritzako Gizarte Berrikuntza eta Agenda 2030eko zuzendaritzak bultzatutako sari honen helburua «GJHak enpresa-kudeaketan integratzearen garrantzia sustatzea eta zabaltzea da, funtsezko elementua baita erakundeen lehiakortasun iraunkorrerako eta konpromiso eraginkorrerako».