
Ines Vaquero eta Nagore Ugarriza: «Da Capo Musika Banda publiko gazteagoa erakartzea lortzen ari da»
Ines Vaquero eta Nagore Ugarriza, Galdakaoko Da Capo Musika Banda
BINKE / 2025eko maiatza
Galdakaoko Da Capo Musika Bandak hamar urte bete ditu eta urtemuga ospatzeko kontzertu bereziak aeskaini ditu Torrezabal Kultur Etxean. Halaber, lehen diskoa kaleratu du taldeak. Bandaren ibilbidearen eta gaur egungo egoeraren inguruan gehiago ezagutzeko asmoz, Ines Vaquero eta Nagore Ugarriza kideekin hitz egin du BINKEk.
Torrezabal Kultur Etxeak hamaika ikuskizun hartu ditu urtarriletik eta hauetako hiru Galdakaoko Da Capo Musika Bandarenak izan dira. Taldea 10. urteurrena ospatzen ari da eta kolaborazio bereziekin aritu da areto galdakoztarrean. Saio hauen eta duela hilabete batzuk argitaratutako lehen diskoaren inguruan aritu gara Ines Vaquero eta Nagore Ugarriza kideekin.
Bandak 10 urte bete ditu. Zelan ikusten duzue gaur egun taldearen egoera? Oraintxe bertan esan genezake gure unerik onenetako batean gaudela, bai musikalki, bai talde moduan. Hasieratik, elkarte gisa, gure artean lotura eta konplizitatea sortzen joan gara, ondo pasatzeko gogoa eta musika ona eta ikuskizun ona eskaintzeko gogoa nahastuz. Funtzionatzen ari dela uste dugu, eta une honetan giroa oso ona da, «rollo ona» dago, eta proposatzen ditugun proiektuak oso ondo txertatzen ari dira, bai taldearen barruan, bai kanpoan.
Atzera begira, nola ikusten duzue bandaren bilakaera? Pixkanaka-pixkanaka sortu zaizkigun egoera berrietara egokitzen joan gara, 2015ean elkartea sortu zenetik, hasiera guztiek dakartzaten konplikazio eta zailtasunekin, pandemiatik, zuzendarien aldaketarekin eta erronka eta proiektu berriekin, hamar urte hauek egin arte. Talde gisa hazi gara, konplizitate handia dago, lan-ordu asko bizi izan ditugulako. Azken urteotan Torrezabalen aretoko kontzertu gehiago egitea lortu dugu, baita kolaborazio oso bizigarriak eta emanaldi konplexuak ere. Kalean oso presente gaude oraindik auzoetan eta jaietan. Herriak, gainera, oso ondo erantzuten du beti, eta oso eskertuta sentitzen gara horregatik. Erantzukizun bat dugu gure publikoarekin. Erronka bat da hor jarraitzea eta gero eta hobeto egitea.
Asko aldatu da panorama musikala hamar urte hauetan? Musikaren panorama ez da nabarmen aldatu azken hamar urteetan, baizik eta aldaketa hori progresiboa izaten ari da aspaldidanik. Bandak izaera herrikoia izatetik lehen mailako kultur aktibo izatera igaro dira.
Torrezabalen hainbat kontzertu eskaintzen ari zarete. Nolakoa izaten ari da publikoaren erantzuna? Egia esan, gero eta jende gehiago etortzen da guregana. Betidanik gure ondoan egon den publikoa daukagu, eta pixkanaka belaunaldi berriak eta publiko gazteagoa erakartzen ari gara. Duela hiru hilabete aretoa bete genuen sarrerak agortuz. Eta kontzertu gehienetan ia bete egiten dugu edukiera. Pozgarria da egia. Opari bat, eta oso eskertuta eta zorioneko sentitzen gara.
Beti sentitu duzue Galdakaoren babesa? Bai. Herri honetan musika banda bat egotea errealitate bat da XIX. mendearen amaieratik, Dinamitaren Bandarekin. Eta hori gure jendearengan nabaritzen da, haien berotasunean, haien presentzian eta guri entzuteko gogoan. Udalak ia beti babestu gaitu, 1990ean udal musika banda berpiztu zenetik mantendu den konpromiso bat da, eta duela urte batzuetako babes eta apustu honi esker, gaur egun gauden unean gaude.
Zein helburu dituzue etorkizunerako? Plan asko ditugu epe labur eta ertainean; oraingoz, urrian Eivissara joango gara, bertako banda batekin musika truke bat egitea, eta abenduaren 14an gure 10. urteurrena ospatuko dugu Torrezabalen. Bestalde, hiru obra nagusik osatutako hiru enkargu estreinatu ditugu, eta haiekin grabatu dugu gure lehen diskoa. Halaber, Ruper Lekuek konposatu digun enkargu berri bat estreinatuko dugu. Gainera, Maider Legarreta abeslari galdakoztarrarekin uda honetan kontzertu bat egingo dugu eta asko dira datorren denboraldirako buruan ditugun proiektuak! Eta, zalantzarik gabe, sortzen jarraitu nahi dugu, publikoarentzat berritzen. Ez diegu huts egin nahi. •