Aperribai gune tentsionatu izendatzea eta gazteentzako alokairurako laguntza berriak «unean uneko neurriak» direla adierazi du Galdakaoko EAJk. Honen aurrean, etxebizitza politika estrukturala ezartzea eskatu du alderdi jeltzaleak.
Espainiako Aldizkari Ofizialean ebazpena argitaratu ostean, eremu tentsionatu izendatu dute Aperribai ingurua modu ofizialean. Honi esker, alokairuen prezioa mugatu ahal izango da Galdakaoko 2. eremuan, eta beste hainbat neurri hartu ahal izango dira, BINKEk jaso zuen moduan.
Bestalde, Galdakaoko Udalak 18 eta 35 urte bitarteko herritarrei alokairua
ordaintzen laguntzeko dirulaguntza lerro bat jarri du abian, eta urritik aurrera eskatu ahal izango dira.
Galdakaoko EAJ-PNVrentzat ordea, neurri hauek «unean uneko neurriak dira». Gune tentsionatuaren izendapenari dagokionez, «EAJ-PNV Galdakaotik positibotzat jotzen dugu neurri honek eremu zehatz horretan gehiegizko prezioei eusten lagundu ahal izatea, baina azpimarratu nahi dugu ez diola sakoneko egitura-arazoari heltzen: udalerri osoan etxebizitza nahikorik eta irisgarririk ez izateari».
Emantzipaziorako dirulaguntzak aldiz, «ekimen baliagarria da unean uneko egoerak arintzeko, baina berriro diogu gazteen emantzipazioak eta etxebizitza modu duinean eskuratzeak epe ertain eta luzerako plan integrala eskatzen dutela».
Honen aurrean, jeltzaleek «ezinbestekotzat» jotzen dute «udal plan anbiziotsu eta errealista batean aurrera egitea, etxebizitza publikoen parkea handitzea, alokairu soziala bultzatzea, etxebizitza hutsak mobilizatzea eta belaunaldien arteko etxebizitza partekatuaren proiektua abian jartzea barne hartuko dituena».