Udaleko lan poltsen araudia egokitzea onartu zuen Galdakaoko udalbatzak

Argazkia: Galdakaoko Udala

Uztailaren 30ean egin zuen Galdakaoko udalbatzak uda aurreko azken osoko bilkura eta honetan, besteak beste, Udaleko lan poltsak kudeatzeko irizpideen araudia egokitzea onartu zuten alderdiek.

Udako oporren aurretik, uztailaren 30ean egin zuen Galdakaoko udalbatzak osoko bilkura. Honetan hainbat eztabaidatu zituzten alderdiek, hala nola, lorezaintza kontratuaren esleipena onartu zuten, eta baita Galdakaoko Udalak eta Usansoloko Udalak segregazio prozesuaren ondorengo trantsizioan usansolotarren zerbitzuak ziurtatzeko egin zuten lankidetza hitzarmenean oinarrituta, 2024tik kitatzeko zeuden diru sarrerak likidatzea ere.

Halaber, Udaleko lan poltsak kudeatzeko irizpideen araudia egokitzea onartu zen osoko bilkura honetan. Udal langileen egonkortze prozesua gauzatu ondoren, Lan Eskaintza Publikoak egiteko prozesuan ari da Galdakaoko Udala eta, horren bidez, bere lan poltsa propioak sortzen, urte askoren ondoren lehen aldiz.

Udalak azaldu duenez, bere burua horretarako prestatu du Langileen Batzordearekin batera azken hilabeteetan egindako lanketa sakon baten bidez. Langileen Batzorde osoaren babesa duen egokitzapenari esker, «langileen ordezkapenak eta lanpostu hutsen horniketa azkarrago eta segurtasun handiz egingo dira aurrerantzean, eta horrek Udalaren funtzionamendua hobetuko du».

Udal Gobernuaren taldeen aldeko 11 botoekin eta oposizioko kideen 8 abstentzioekin —EAJren 6 eta PSEren 2— onartu zen neurria.