Gorbeiako parketxera bisita, mendi ibilaldia eta gimnasia ikastaroa, Galdakaoko adinekoentzat

Argazkia: Gorbeiako parketxea

Galdakaoko Udalak herriko adinekoentzat zuzendutako lau ekintza antolatu ditu hilabete honetarako. Zehazki, Gorbeiako parketxera bisita, mendi ibilaldia, gimnasia ikastaroa eta olinpiadak eskainiko ditu.

Adinekoek haien kezka eta zaletasun berdinak dituen jendea ezagutu edota norbere buruarekin baliagarriago eta gusturago sentitu ahal izateko helburuz, kolektibo honi zuzendutako ekintzak antolatzen ditu hilero Galdakaoko Udalak.

Irailerako zehazki, lau ekintza eskainiko ditu Udalak, honako datetan:

  • Irailaren 8tik urriaren 9ra bitarte: Gimnasia kalean egiteko hamar saio, Ardanza plazan eta Romualda Zuloaga plazan. Astelehen eta eguaztenetan lehenengoan, eta martitzen eta eguenetan bigarrenean. Ordutegia berbera izango da bietan, 10:00etatik 11:00etara. Izena emateko epea zabalik dago.
  • Irailak 16, martitzena: Punteria, arintasuna, oreka eta abarrekin zerikusia duten froga egokituen ginkana Kurtzeko plazan. Parte hartzen dutenentzako sariak eta sorpresa ugari egongo dira.
  • Irailak 23, martitzena: Bisita kulturala Gorbeiako parke naturaleko parketxera. Parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea, irailaren 8tik aurrera.
  • Irailak 25, eguena: Oraindik zehazteke dagoen mendi ibilbide bat. Izena ematea beharrezkoa da eta irailaren 10etik aurrera egin ahal izango da.

Horiez gain, adineko pertsonen beharrei erantzuten die zerbitzuak. Aisialdirako jarduerak proposatzen ditu, IMSERSOko bidaien inguruko informazioa eta jubilatu eta pentsiodunentzako informazioa eskaintzen du eta orotariko kontsultak eta aholkularitza ematen ditu.

Proposatutako jarduera guztietan, izena emateko lehen egunean, arreta ordutegia 08:00etatik 13:30era izango da; gainerako egunetan, Adinekoen Dinamizatzeko Zerbitzuaren bulego ordutegia 10:00etatik 13:30era izango da astelehenetik barikura, eta eguenetan 16:00etatik 18:00etara. Pertsona bakoitzeko gehienez bi inskripzio onartuko dira jarduera guztietan.