Eskola materiala erosteko dirulaguntza bihartik aurrera eskatu daiteke Galdakaon

Galdakaoko Udalak dirulaguntzak eskainiko ditu eskola materiala herriko saltokietan erosteagatik. Dirulaguntza bihartik, irailak 15, hilaren 26ra bitarte eskatu daiteke

Eskola umeen gurasoek ikasturtearen gastuei aurre egiteko izaten dituzten zailtasunak arintzeko helburuz eta erosketak herriko dendetan egin daitezela sustatu nahian, familiei eskola materiala ordaintzeko dirulaguntza ematea erabaki zuen duela bi urte Galdakaoko Udalak.

Eskaerak aurkezteko epea bihartik, irailak 15, hilaren 26ra egongo da zabalik eta izapidea aurrez aurre egin ahal izango da, ESAN herritarren arretarako bulegoan, edo Udalaren webgunearen bidez.

Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, DBHn, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan matrikulatuta dauzkaten guraso eta tutoreek eskatu ahal izango dituzte laguntzak, baita hezkuntza behar bereziak dituztenenek ere.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, ekainaren 1etik aurrera Galdakaoko establezimenduetan egindako erosketen fakturak kontuan hartuko dira. Fakturak gordetzea «oso garrantzitsua da», eskaera egiteko orduan gainerako dokumentazioarekin batera erantsita aurkeztu beharko baitira, eta ez baita tiketik onartuko.

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 140 euro izango da haur bakoitzeko, edo 350 euro familia bakoitzeko, familia bakoitzaren diru sarreren arabera. Zehazki, laguntza zenbatekoa familia unitatearen errenta kontuan hartuta banatuko da eta Udalaren webgunean ezagutu daitezke xehetasunak.

Informazio gehiago ezagutu daiteke 944 010 540 telefono zenbakira deituz edo hezkuntza-euskara@galdakao.eus helbidera idatziz.