Adiskideren 50. urteurrena ospatzeko argazki erakusketa, ikusgai Torrezabalen

Argazkia: Adiskide Pilota Elkartea.

Aurten 50 urte bete ditu Adiskide Pilota Elkarteak eta hau ospatzeko zenbait ekintza eskainiko ditu. Besteak beste, klubaren une garrantzitsuenak batzen dituen argazki erakusketa antolatu du Torrezabal Kultur Etxean, azaroaren 7ra arte.

Asteburuan hasi zituen Adiskide Pilota Elkarteak 50. urteurrena ospatzeko ekimenak eta hauekin jarraituko du aste honetan zehar.

Emakumezkoen eta gizonezkoen Elite mailako finalerdiak hartu zituen Kurtzeko frontoiak pasa den barikuan, eta bariku honetan, urriak 31, lehiatuko dira gainontzekoak. Finala aldiz, azaroaren 7an izango da.

Bestalde, azaroaren 9rako Adiskidek jaialdi berezia prestatu du. Belaunaldi desberdinetako pilotarien arteko partidak izango dira, eta ekitaldia bazkari herrikoi handi batekin amaituko da.

Azkenik, argazki erakusketa antolatu du klubak Torrezabalen, 50 urte hauetako une garrantzitsuenekin. Erakusketa ikusgai dago azaroaren 7ra bitarte, astelehen, martitzen, eguen eta barikuetan, 17:30-20:30 ordutegian.

«Horrela, Adiskidek beti ahaleginaren, talentuaren eta pilotarako pasioaren eredu izan dela erakutsiko du», adierazi du Udalak erakusketaren inguruan.