Galdakaoko PSE-EEk ez du Udal Gobernuarekin 2026ko udal aurrekontua negoziatuko, «2025erako hitz emandakoa betetzen ez den bitartean». Sozialisten esanetan, «proposamen gehienak bete gabe daude».
Hurrengo urteko udal aurrekontuei buruzko edozein elkarrizketa izan baino lehen, Galdakaoko PSE-EEk honakoa eskatu dio Udal Gobernuari: aurrekontuetan sartzea onartu zituen sozialisten proposamenen egoeraren buruzko informazioa ematea.
«Ez zaigu oso serioa iruditzen 2026ko aurrekonturako proposamen berriei buruzko eztabaida hasteko planteamendua bultzatzea, 2025eko proposamen gehienak bete gabe dauden bitartean: Galdabusari buruzko azterlana, Ibaizabalen inguruko jarduketak, Maximo Moreno parkea eraberritu eta egokitzea, Elexaldeko igerilekuak estaltzeko proiektua…», adierazi dute sozialistek.
Ildo honetatik adierazi dute, «ez dugula aurrekontu-negoziaziorik egingo Udal Gobernuarekin, aurrez aipatutako gaiak konpontzen ez diren bitartean».
Hala ere, «bidezkotzat jotzen ditugun» enmendakinak ohiko bideetatik erregistratuko dituztela jakinarazi dute, «udalerriaren onerako zuzenketa horiek herritarrei ekar diezazkiekeen onuren arabera baloratuko direlakoan, eta ez jarrera errebantxisten, interes alderdikoien edo kontakizun politikoaren beharren arabera».
«Udalerriarentzat aurrekontu hobea lortzeko laguntzeko prest gaude, baina ez marketin- edo propaganda-eragiketetan parte hartzeko eta, batez ere, Udal Gobernuak oposizioarekin har ditzakeen konpromisoak beteko dituen inolako bermerik gabe. Batez ere, ez-betetze nabarmenaren aurrekariei erreparatzen badiegu», nabarmendu du alderdiak.




