Ekain Diaz de Mendibil Totorika, Santiagoko galdakoztarra.
BINKE / 2025eko abendua
Jaiotzez: Galdakao.
Gaur egun: Santiago de Chilen.
Jaiotza urtea: 1978.
Ikasketak: Arte ederrak.
Zertan dabil: Bizitzen, 2013tik.
Zeintzuk dira bizi izan dituzun aldaketarik nabarmenenak? Batez be egutegiaren ezberdintasuna. Gabonak udan izaten dira, edurrezko dekorazioak, Papa Noel 40º gradutan, afaltzeko udako afari freskoa eta opariak uda izaera izateak oso arraroa egiten zait. Bestalde neguak inolako jai edo opor esanguratsurik ez duenez, oso luzea da.
Zer du zure hango herriak, Galdakaok ez duena? Santiago oso hiri handia da. Galdakoztarra izanik, niretzako hiri handia Bilbo zen, baina Santiago 7 milloi biztanleko hiria da eta beti dauka zeozer egiteko. Eskaintza handia eta askotarikoa da.
Eta alderantziz? Santiagok ez dauka Galdakaok duen bizi kalitatea. Umeentzako askoz hobea da Galdakaon.
Zeren falta somatzen duzu han? Batez ere familia botatzen dut faltan, baina ezin ditut ahaztu lagunak, janaria, kaleko bizitza, poteoak… Azken batean bizi kalitatea Galdakaon eta Euskal Herrian hemengoa baino hobea da.
Zer gomendatuko zenioke zure herritar bati, han bisitatzeko? Txile herrialde bezala polita da, leku ezberdin asko ditu; iparraren desertuetatik hegoaldeko edurretara, hondartzak, basoak eta herrialde osoan presente dagoen mendikatea.Nire gomendioa Santiagon ahalik eta egun gutxien egotea izango litzateke, bi muturrak (iparra eta hegoa) ezagutzeko denbora nahikoa izateko.
Gure herriaz hitz egiten badiezu hangoei, zeren inguruan aritzen zara bereziki? Galdakaoz ari naizenean eta herria hitza esaten dudanean herri txiki bat dela pentsatzen dute. Galdakaok 30.000 biztanle dituela esaten diedanean harritu egiten dira. Bestalde, Galdakao hitzaren fonetikarekin ezin dute. Denek ¿Galapago? erantzuten didate. Euskal Herriari buruz ari naizenean gure berezitasunak, kultura eta euskara dira gehien harritzen dizkieten gauzak.
Zer dakite gure herriaz? Euskal Herriari buruz hitz egiten diedanean orokorrean ezagutzen dute eta ideia nahiko eraikia daukate. Txilen euskal diaspora handia egon da eta askok euskal abizenen bat izanik, euskal izaeraren jakitun dira. Badakite bereziak garela, hizkuntza «arraro» eta oso zahar bat hitz egiten dugula eta gehienetan, gurekiko oso irudi ona daukate Txilen.
Zer zenekien zu hangoaz? Egia esateko ezer gutxi, gehien bat Allende presidentea eta Pinocheten golpe militarra ezagutzen nituen. Egia da mapan ikustearen oroitzapenak dauzkadala eta pentsatzen nuen, «horren lur zati estuan ezin da inor bizi». Gero, hemen bizi ostean, hain estua ez dela eta bizi daitekela egiaztatu ahal izan dut.
Zeintzuk dira zure etorkizunerako asmoak? Argi daukagu Euskal Herrira itzuli nahi dugula. Bost urte barru han egotea espero dugu.




