Irati Gañan: «Musikak egonaldi atseginagoa izaten lagundu ahal die pazienteei»

Argazkia: Jon Gomez Garai.

Irati Gañan, musikaria
BINKE / 2026ko urtarrila

«Bihotza beteta eramaten dut etxera Usansoloko Ospitalean jotzen dudan bakoitzean»

· Irati Gañan Rodriguez
2007, Larrabetzu

Larrabetzun hasi zituen derrigorrezko ikasketak eta ostean Bilboko Begoñazpi Ikastolan egin zituen DBH eta Batxilergoa. Formakuntza musikala ere badu, eta aldi berean zientzia eta musika lotzen dituen ikasketak egitea gustatuko litzaioke etorkizunean. 

TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai eta Irati Gañanek bidalitakoak

E

z dira leku atseginak ospitaleak, ez pazienteentzat, ez familientzat. Irati Gañan gazteak ordea, iluntasunean argia jartzen saiatzen da bere biolaren bitartez. Gazteak astero egiten du Usansoloko Ospitalera bisita, ezohiko ekarpen bat egitera gainera: biola jotzen aritzen da ospitaleko hainbat eremutan. Gabon garaian egin zuen bisitetako batera gerturatu zen BINKE osasun-zentrora, eta esperientziaren inguruan hitz egin zigun Larrabetzuko gazteak. 

Nola suertatu zen Usansoloko Ospitalean biola jotzeko aukera? Selektibitatea iazko ekainean amaitu nuen eta nik beti esan diot amari musika eta zientzia elkartzen dituen zerbait ikasi nahi nuela. Horretarako, onena selektibitatearen ostean urte libre bat uztea zen eta hori egin dut. Tarte honetan Usansoloko ospitalean lan egiten duen nire amaren lagun batekin jarri ginen kontaktuan eta berak Humanizazio Sailarekin harremanetan jarri zigun. Nik nire ‘Bihotz doinutan’ proiektua aurkeztu nien eta ospitalean jo nahi nuela azaldu nien. Baietza eman zuten eta abuztuan, 18 urte bete nituenean, hasi nintzen ospitaleko sail ezberdinetan pazieententzat jotzen. Astero etortzen naiz. 

‘Bihotz doinutan’ proiektuarekin hasi zara Usansoloko Ospitalean jotzen. Zertan datza ekimen hori? Izenak berak ederto irudikatzen duen moduan, bihotzetik ateratzen zitzaizkidan doinuak erakutsi nahi ditut, eta ohikoak ez diren lekuetara eraman. Musika ohiko eszenatokietatik haratago joan ahal dela erakutsi nahi dut, aisialdian gozatzeko elementuaz gain, beste hainbat alorretan bailagarria izan daitekeelako. Eskoletan adibidez, edo ospitaleetan. Bestalde, lehen esan dudan moduan, nik musika eta zientzia batzen dituzten ikasketak egin nahi ditut eta nire proiektua horri lotu nahi dut ere, ezagutzera emateko musikak zientifikoki burmuinean eragin dezakeela, eta eragin hori ona izan daitekeela. 

Nola lagundu ahal die musikak ospitale batean dauden paziente eta horien familiei? Nik uste nuena baino askoz gehiago lagundu ahal die. Ospitale batera joatea ez da atsegina kasu gehienetan, eta are gutxiago tratamendu luze bat jaso behar dutenenetzat. Musikak ordea, egonaldi hori alaiagoa eta lasaiagoa izaten lagundu ahal die paziente eta familiei. 

Zure kasuan, zein da pazienteen erantzuna biola jotzen hasi zarenean? Pazienteen, familien eta baita langileen erantzuna oso oso ona izan da hasieratik, asko harritu nau. Aitortu behar dut ni lehenengo egunetan oso urduri nengoela, zorionez inoiz ez dudalako bizi gaixotasun bat hurbiletik eta ez nekielako zer aurkituko nuen itxaron-geletan edo kimioterapia ematen den geletan. Baina erantzuna hain ona izan zen, bihotza beteta eraman nuela etxera lehen egunetik, eta horrela izaten jarraitzen du.

Hunkituta ikusi izan duzu ziur hainbat paziente eta senide. Bai, asko. Negarrez hasten dira batzuk, beste senide edo lagunentzako grabatzen ere… Emozio handia bizitzen da biola jotzen hasten naizenetik eta hori niretzat ikaragarria da.  Nire bizitza osorako eramango dudan esperientzia bizitzen ari naiz Usansoloko ospitalean. 

Eta zuk, zer sentitzen duzu ospitalean jotzean? Ba ni ere emozionatzen naiz, egia esan. Ez da ohikoa niretzat eta ez dut ohiko bihurtu nahi, garrantzitsuena haiekin enpatia izatea delako. Hasieran etxera eramaten nituen pazienteek kontatzen zizkidaten esperientziak eta denborarekin ospitaletik ateratzean horiek alde batera uztera ikasi dut. Ez dut esan nahi hemendik ateratzen naizen bezain pronto bizitakoa ahazten dudanik, baina ospitaleko langileek egiten duten moduan, disoziatzen ikasten ari naz eta esperientziak ematen didan alde positiboa nabarmentzen. 

Zein abesti mota jotzen dituzu ospitalean? Denetarik. Musika klasikoko obrak interpretatzen ditut baina batez ere jendearentzat ezagunak diren euskal kantuak.

Arrakasta handiagoa duten kantak izango dira zure errepertorioan. Noski, bai. Kanta euskaldunek arrakasta handia izaten dute, ‘Txoria txori’ adibidez asko maite dute. Baina ez pentsa, jendeak denetarik eskatzen du: Bach, Rosalia, Ken Zazpi…. Kalean bezala, gustu ezberdinak daude baina garrantzitsuena jendea eroso egotea eta denbora tartetxo batean bada ere arazoez ahaztea da.

18 urte baino ez dituzu baina oso argi duzu zientzia eta musika direla zure munduak. Txikitatik gustatzen zaizu musika? Bai, oso txikia naizenetik. Bilboko Koralean hiru urterekin hasi nintzen eta beranduago, zortzi urterekin, biola jotzen Bilboko Kontserbatorioan. Pianoa jotzen dakit ere baina ez maila hain altuan. 

Suitzako orkesta batean parte hartu duzu munduko beste zenbait gazterekin batera. Nolakoa izan da esperientzia hori? Oso oso aberasgarria. 2024an joan nintzen lehen aldiz, 2025ean berriz, eta aurten ere izango dut esperientzia horretan parte hartzeko aukera. Mundu osoko gazteak batzen gaituen proiektua da, entseguak egin eta emanaldiak eskaintzeko. Asko aldatu nauen esperientzia da, nire ikuspegia zabaldu eta nire izaera garatzen lagundu didanak, oso egoera ezberdinetan bizi diren gazteekin bizitzeko aukera izan dudalako. Gainera, oraindik mantentzen ditudan oso lagun onak egin ditut han. 

Musika zure diziplina gogokoena izan arren, aktore figurantea izateko aukera ere izan duzu. Bai, gainera ama eta amamarekin —azken hori aktorea da— konpartitu nuen esperientzia. Baina aurretik esandakoa nabarmendu nahi dut: musika eta zientzia dira nire pasioak. •

situs togel

situs toto