Hamar urte gaztetxerik gabe egon ostean, gaztetxe berria du Galdakaok Bizkai kalean. Pasa den zapatuan inauguratu zuten egitarau zabalarekin, baina arriskuan dagoela salatu du Izetu Gazte Asanbladak. Ondorioz, gaztetxearen egoera azaltzeko prentsaurrekoa egingo du asanbladak gaur arratsaldean.
Hamar urte baino gehiago igaro dira Galdakaoko azken gaztetxea —Ortuondon kokatuta— itxi zenetik, eta zazpi urte Muguruko gaztetxea lortzeko prozesutik.
Horren harira, azken hilabeteetan Galdakaok gaztetxe bat behar duela aldarrikatu dute Izetu Gazte Asanbladak eta herriko gazteek, eta behingoz lortu dute.
Pasa den zapatuan iragarri zuten Bizkai kaleko eraikin abandonatu bat okupatu eta gaztetxea sortu dutela. «Muguruko fabrika zaharrean sartzeko erabakia hartu dugu. Urte asko hutsik eamn dituen eraikina. Eraikinari guk antolaturiko tresna eta ekintzen bitartez bizi berri bat emateko», adierazi dute Izetutik.
Aste honetan zehar asanbladak, auzolana eta ekintzak batu dituen egitaraua antolatu dute, eta ehunka gazte galdakoztarrek parte hartu dute horietan. Beraz, «argi dago gaztetxearen beharrizana». Izetuk ordea, espazioa arriskuan dagoela salatu du.
«Azkenaldian okupazioaren kontrako ofentsiba handitzen ari da, eta Galdakao ez da salbuespen bat. Gaztetxea desalojo arriskuan dago eta astelehenean epaiketa daukagu», adierazi dute gazte asanbladatik.
«Gure interesen eta printzipioen baitako espazioa galtzeko arriskuan gaude. Askotan esan dugu: gaztetxea ez da amaiera. Asanblada gero eta indartsuago bat daukagu eta oztopoek ez gaituzte geldituko», nabarmendu dute.
Horregatik, Galdakaoko gazteak deitu dituzte gaztetxea defendatzera: «Edozein momentutan gaztetxea desalojatu ahal dute, juizio bat martxan jarri dela eta. Galdakaoko gazteok gaztetxearen alde gaudela erakutsi behar dugu eta gaztetxea defendatzeko prest gaudela!».
Guzti honen berri emateko asmoz, prentsaurrekoa egingo du asanbladak gaur gaztetxean bertan 19:30ean: «Gaztetxea defendatzeko eta gure diskurtsoa plazaratzeko momentue da».




