Iritzia
Galdakao Palestinarekin Herri Plataforma
Aurten ere, bihar, maiatzaren 15ean, palestinar herriak eta justiziarekin eta giza duintasunarekin konprometitutako pertsona askok Nakbaren (hondamendia arabieraz) urteurren berri bat oroitzen dugu. 1948ko egun horretan, 750.000 palestinar baino gehiago kanporatu zituzten beren etxeetatik, 500 herrixka baino gehiago suntsitu zituzten eta mendeetan zehar jendea bizi izan zen lur bat memoriatik ezabatu nahi izan zuten. Baina Nakba ez zen 1948an amaitu: gaur egun arte luzatzen den desjabetze, okupazio, apartheid eta sarraski prozesu etengabea da.
Momentu honetan, lerro hauek idazten ari garen bitartean, Gazako Zerrendak bere historiako setiorik basatiena bizi du. 2023ko urriaz geroztik, Israelgo gerra makineriak, Estatu Batuen babes esplizituarekin eta Europar Batasunaren konplizitate isilarekin, 75.000 palestinar baino gehiago hil ditu, gehienak emakumeak eta haurrak. Milaka gorpu daude hondakinen azpian, anbulantziak eta erreskatatzaileak ezin direlako iritsi. Ospitaleak, unibertsitateak, UNRWAko eskolak, meskitak, elizak eta okindegiak suntsitu dituzte. Izan ere, gosea gerrako arma bihurtu da: Gazako Iparraldea jada bilatutako gosetea pairatzen ari da. Biztanleria zibila Rafah inguruko kanpin-dendatan pilatuta bizi da, bonbek erortzen jarraitzen duten bitartean eta «eremu segurua» deritzona tranpa hilgarria den bitartean.
Zisjordania Okupatuan, Ekialdeko Jerusalen barne, Nakba beste aurpegi batekin bizi da egunero: kolono armatuek, armadaren babespean, uztak erretzen dituzte, familia osoak beren etxeetatik kanporatzen eta lurrak lapurtzen jarraitzen dute. Checkpoint militarrak biderkatu egiten dira, lanerako sarbidea, hezkuntza eta arreta medikoa galaraziz. Yenin, Nablus, Hebron eta Belen bezalako hirietan gauez erasoaldiak, epaiketaz kanpoko hilketak eta atxiloketa arbitrario masiboak dira egunerokoak. Iazko urritik geroztik, 500 palestinar baino gehiago hil dituzte okupazio indarrek eta kolonoek. Atxiloketa bakoitza, etxebizitzen eraispen bakoitza, kokaleku berri bakoitza bultzada bat gehiago da hamarkada iraunkorreko Nakba honetan .
Izugarrikeria honen aurrean, Israelen zigorgabetasuna erabatekoa da. Nazioarteko Justizia Gorteari ez zaio jaramonik egin, Nazioarteko Zigor Auzitegiak ez du ezer egiten, Nazioarteko Zuzenbidea inolako ondoriorik gabe zapaltzen dute. Bitartean, mendebaldearen konplizitateak garbiketa etniko hori finantzatzen, armatzen eta legitimatzen jarraitzen du.
Horregatik guztiagatik, Galdakao Palestinarekin elkartetik zera diogu: Ez dugu ahazten, ez dugu amore ematen. Nakba ez da iraganeko kontua: desagertzeari uko egiten dion herri baten oraina da. Errefuxiatuen itzulerarako eskubidea negoziaezina da. Palestinar herriaren ausardia eta erresistentzia, bere forma legitimo guztietan, 76 urteko okupazio, setio eta sarraskiari emandako erantzuna da.
Galdakaoko eta Hego Uribe osoko herritarrei dei egiten diegu maiatzaren 15ean mobilizatzera: minutu bateko isilune konplizerik ez, beste aldera begiratzeko aukerarik ez. Gazako Genozidioaren berehalako amaiera exijitzen dugu, Zisjordaniako okupazioaren amaiera, eta Palestina Historikoaren apartheidaren amaiera. Errefuxiatu palestinar guztien itzulera eskubidea exijitzen dugu. Eta, garbiketa etnikoaren eta juduen nagusitasunaren gainean oinarrituriko Estatu bat erreformatzeko ezintasunaren aurrean, Israelgo Estatua desegitearen beharra mahaigaineratzen dugu, bizi ditugun garaiotan nagusi den asentamenduzko kolonialismoa eta inperialismoa suntsitzeko bide bakar gisa.Soilik Palestina aske batek, Jordan ibaitik mediterraneo itsasoraino, apartheidaren harresirik eta segregazio mugarik gabe, emango dio amaiera desposesio, bidegabekeria eta basakeria garai honi.
Ibaitik Itsasora, Palestina Aurrera.




