Oier Zearra: «Euskal Pilota Selekzioak emaitza onak lor ditzake Munduko Txapelketan»

Oier Zearra, Euskal Pilota Federakuntzako Zuzendaritza Batzordeko kidea
BINKE / 2026ko maiatza

«Kurtzeko frontoian egin zidaten agurra ez dut inoiz ahaztuko»

· Oier Zearra Garabieta
1977, Galdakao

Eguzkibegi Ikastolan egin zituen oinarrizko ikasketak, eta ostean Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako eta Magisteritzako graduak egin zituen Gasteizen. Pilotari profesionala izan zen 14 urtetan zehar eta besteak beste, birritan Bigarren Mailako txapeldun eta Lehenengo Mailako binakako txapeldunorde izan zen. Gaur egun Elgoibarko Euskal Girotze Barnetegian egiten du lan, eta Euskal Pilota Federakuntzako Zuzendaritza Batzordeko kidea da.

TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai eta sareetatik hartutakoak

Hamalau urtez profesional moduan aritu ostean, Oier Zearra pilotari galdakoztarrak agur esan zuen 2011an. Lagunak, familia, auzokideak eta puntako pilotariak batu ziren Zearrak «maitasun handiz» oroitzen duen ekitaldian. Hamabost urte igaro dira egun horretatik eta galdakoztarrak gaur egun Elgoibarko Euskal Girotze Barnetegian lan egiten duen arren, pilotari lotuta jarraitzen du. Duela urte eta erdi ingurutik Euskal Pilota Federakuntzako Zuzendaritza Batzordeko kidea da, eta baita organo horretako esku pilotako arduraduna ere. Zearrarekin hitz egin dugu duela gutxi ofizialtasuna lortu duen Euskal Pilota Selekzioaren egoeraz, eta profesional moduan aritu zen urteetaz. 

Ofizialtasuna lortu zuenetik, hainbat lorpen eskuratu ditu Euskal Pilota Selekzioak. Nola bizi dituzue lorpen hauek federaziotik? Egia esan kirol lorpenak disfrutatzeko denbora gutxi izan dugu. Espainiako eta Kubako pilota federazioek salaketa jarri zuten Suitzako Kirol Arbitraje Epaimahaian Euskal Pilota Federazioaren ofizialtasunaren kontra, eta prozesu hori kudeatzen ibili gara azken hilabeteetan, nahiko konplexua delako. Hala ere, kirol arloan lortutakoaz disfrutatzeko denbora izan dugu ere, Euskal Pilota Selekzioa momentu izugarrian dagoelako. Gernikan adibidez Nazioen Ligan, Euskal Pilota Selekzioaren debutean, lortutako emaitzak oso garrantzitsuak izan ziren guretzat, eta hortik aurrera etorri diren guztiak ere. Ilusioz eta erantzukinez hartzen ditugu emaitzak eta etorriko diren partidak, batez ere urrian Argentinan jokatuko den Munduko Txapelketa. Euskal Selekzioak emaitza onak lor ditzake han.

Zuk zer erantzukizun dituzu gaur egun Euskal Pilota Federakuntzaren barruan? Zuzendaritza Batzordeko kidea naiz duela urte eta erdi inguru, eta esku pilotako arduraduna naiz. 

Zeintzuk dira gaur egun federazioaren erronka nagusiak? Batetik, Euskal Pilota Selekzioaren egitura ondo antolatu eta kudeatzea, zerotik hasi ginelako. Prozesu horretan garrantzitsua da baliabideak lortzea pilotariek ondo lehiatu ahal izateko. Baliabide ekonomikoez ari gara, baina baita giza baliabideez ere. Bestetik, federazioak orain duen helburu garrantzitsuenetakoa klubak indartzea da. Klubek egiten duten lana gabe ez dago ez federaziorik, ezta pelotaririk ere. Gainera, emakumeen pilota sustatu nahi dugu, eskubideen berdintasunean urratsak egiten jarraituz, eta euskara eta euskal nortasuna bultzatu nahi ditugu. 

Federazioak nahikoa laguntza ekonomiko eta instituzionala jasotzen duela uste duzu? Egia da beti jaso dezakegula laguntza gehiago, beste kirol batzuekin alderatuz batez ere. Hala ere, oso pozik gaude jasotako babesarekin, bai instituzioen aldetik, baita enpresa pribatuen aldetik ere. Babesle asko ditugu eta orain lehen aldiz antolatu dugun Euskal Herritik Mundura AMPO Pilota Txapelketan udal askok lagundu digute. Lehiaketa hori Argentinan urrian jokatuko den Munduko Txapelketari begira Euskal Pilota Selekzioa egiten ari den prestaketa prozesuaren baitan antolatu da, eta 30 jardunaldi inguru izango ditu udalerri ezberdinetan. Lehen jardunaldiko partidetako batzuk esaterako, Galdakaoko Kurtzeko frontoian jokatu ziren duela bi aste.

Patri Espinar, Amaia Aldai, Gaizka Karregal… Galdakaorekin lotura duten zenbait aurpegi ezagun daude Euskal Pilota Selekzioari lotuta. Zelan ikusten duzu haien egoera? Galdakoztar moduan harrotasun handia sentitzen dut nire herrikideek arrakasta dutela ikustean. Patri Espinar jokalari handia izan zen eta orain kriston lana egiten dabil gaztetxoekin. Amaia Aldaien inguruan gutxi esan dezakegu, emaitzak hor daudelako, eta Karregal oso ondo dabil azkenaldian. Niretzat oso polita da galdakoztarrak hor ikustea eta uste dut garrantzitsua dela ere herriarentzat, gaztetxoentzako erreferenteak bihurtzen direlako. 

Federazioan murgilduta zaude orain, baina pilotari profesionala izan zinen ere 14 urtetan zehar. Zer oroitzapen dituzu profesional moduan izan zinen urte horietatik? Ba oso urrun sentitzen ditut egia esan, jajaja! Duela mende bat gertatu zela dirudi, eta nire agurra duela 15 urte izan zen. Denbora igaro da, eta urteekin perspektiba aldatu zait. Hasieran gogorra da kantxei agur esatea, zure bizitza hori izan delako urte askotan zehar. Urteekin ordea, beste bizitza bat eraikitzen ikasten duzu, eta orain oso pozik nago. Batzutan faltan botatzen dut, baina atzera begiratzen dudanean eskerrak baino ezin ditut eman izan nituen aukera guztiengatik: profesionala izan, txapelketak irabazi, pelotari handiekin jokatu, lagun onak egin… Oso gauza onak ekarri dizkit pilotan jokatzeak.

Kirolari profesionala izateak diziplina eta lan gaitasun handia eskatzen ditu. Kantxan ikasitakoak bizitzan lagundu zaitu? Bai, noski! Azkenean kirolak, bizitzako beste hainbat alorrek bezala, frustrazioa kudeatzen laguntzen dizu. Irabaztea garrantzitsua da, baina are gehiago galtzen jakitea, eta momentu bakoitzak duen garrantzia neurtzea. Gaztea zarenean partida bat galtzea munduaren amaiera dirudi, eta hori urteekin aldatzen da. Kirolak eta bizitako beste guztiak egin nau gaur egun naizen pertsona, eta zoriontsu izatera lagundu nau. 

Zein izan zen pilotari gisa gehien markatu zintuen partida edo txapelketa? Kurtzeko frontoian egin zidaten agurra etortzen zait beti burura. Egun izugarria izan zen niretzat, gauza asko batu zirelako: Santakurtzetako lehen eguna izatea, lagun eta familiarekin disfrutatzeko aukera, herri osoaren babesa sentitzea, maila handiko pilotariak ni agurtzera etortzea… Benetan ahaztuko ez dudan eguna izan zen. Horrez gain, debuta oso berezia izan zela esango nuke ere. Elorrion izan zen eta ondo gogoratzen dut. Eta nola ez, profesional handiekin jokatutako partidak.

Joko aldetik, zer desberdintasun somatzen dituzu zure garaiko pilotaren eta oraingoaren artean? Ba oso ezberdina da nire ustez. Nik banaka lehiatu dut eta atzelaria izan naiz, eta gaur egun atzelariek ez dute banaka jokatzen. Lehen indarrak garrantzia handia zuen eta gaur egun teknika nagusitzen dela esango nuke. Askoz abiadura handiagoan jokatzen dira partidak, eta gehiago jokatzen da airez botera baino. 

Zelan ikusten duzu pilota galdakoztarraren egoera? Pilotaren egoera orokorrean oso ezberdina da nik jokatzen nuen aroarekin konparatuz. Nire ustez errotutagoa zegoen ni jolasten hasi nintzenean orain baino. Orain zaila da futbolak eta beste kirol batzuek duten nagusitasunarekin lehiatzea. Uste dut lan handia egin behar dela eskoletan umeak pilotan murgiltzeko, eta nagusiagoak direnean, kirolarekin jarrai dezaten, dirudielako adin batera heltzen direnean haria eten egiten dela. Galdakaon uste dut lan handia egiten ari dela, batez ere Adiskide Pilota Elkarteak. Gainera, aurretik aipatu ditugun maila handiko jokalariak ditugu: Karregal, Aldai… Garrantzitsua da umeek erreferenteak izatea eta galdakoztarrak badira, ba ezinhobe. 

Momentu berezi asko bizi izan dituzu Kurtzeko frontoian. Zein harreman duzu orain herriko pilotalekuarekin? Pilotalekuekin orokorrean oso harreman estua dut. Zale moduan asko joaten naiz partidak ikustera, bai Galdakaon gazteak ikustera eta baita hemendik kanpo. Gainera, federazioan nagoenetik, partida eta ekitaldi askotan parte hartu behar dut, eta horrek are gehiago lotu nau pilotara. •

situs togel

situs toto