Gumuzio Garapen Zentroa aurkeztu du Galdakaoko Udalak, tokiko garapen ekonomikoa sustatzeko tresna

Argazkia: Galdakaoko Udala.

Galdakaoko garapen ekonomikoa indartzeko eta bertoko enpresei laguntzeko estrategia bideratzeko jaio da Gumuzio Garapen Zentroa. Antzina Erletxeko eskola zegoen eraikinean kokatuta dago, eta Galdakaoko Udalak maiatzaren 28an inauguratu zuen.

Galdakaoko Udalak Gumuzio Garapen Zentroa jarri du martxan, garapen ekonomikoa indartzeko eta bertoko enpresei laguntzeko estrategia bideratzeko eta indartzeko.

Zentroaren helburua herriko enpresei lehiakortasun eta berrikuntza arloan dituzten erronka nagusiei erantzuna hobeto ematen laguntzea da, hala nola ETE-ei euren gaitasuna indartzeko espazioa eskaintzea, «horiek baitira tokiko ekosistema ekonomikoaren oinarria».

Gumuzio Garapen Zentroa dagoeneko enpresen esku dago, elkarlanerako, euren bilerak egiteko, bezeroekin harremanak izateko, aurkezpenak egiteko edo lan saioak antolatzeko erabil daitekeen gune ireki eta aktibo gisa.

Horrez gain, Udalak enpresei zuzendutako hainbat zerbitzu espezializatu bertan eskaini ahal izango ditu modu irekiagoan, bereziki dirulaguntzen kaptazioarekin eta enpresak zein ekintzaileak berrikuntza, prestakuntza eta ezagutza ekosistemarekin lotzearekin zerikusia dutenak. 

Maiatzaren 28an egin zen inaugurazio ekitaldia, eta bertan Iñigo Arriandiaga alkatea, Sustapen Ekonomikoko zinegotzi Monika Bailon, arloko arduraduna eta teknikaria diren Amaia Gartziandia eta Janire Oliveira, Einnek ingenieritza enpresako kide Javier Gonzalez, eta BEAZeko lurralde lehiakortasuneko koordinatzaile Miren Salazar izan ziren.

Haiekin batera Galdakaoko 20 bat enpresetako ordezkari ere izan ziren. Elkarrekin iritziak trukatzeko, tokiko enpresa sarearen beharrak ezagutzeko eta herriaren etorkizuneko erronka eta aukerei buruzko elkarrizketa irekia izateko tartea partekatu zuten guztiek.

Arriandiagak Gumuzio Garapen Zentroa kokatzen den eraikinaren «balio sinbolikoa» nabarmendu zuen, antzina Erletxeko eskola zegoen eraikina baita. Gogorarazi zuenez, «berreskuratu eta birgaitu beharreko espazioa zen». Zeregin hori Sustapen Ekonomikoko arloak gidatu zuen, eta alkateak «egindako lan bikaina» eskertu zien langileei.

Alkateak hiru ideia nagusi azpimarratu zituen zentro berriaren inguruan: enpresek ideiak partekatu, elkarlanean aritu eta sinergia berriak sortzeko «gune fisiko baten garrantzia»; espazio honen bidez Udalaren eta enpresen arteko «gertutasun handiagoa eta lankidetza indartzea» lortuko dela; eta, «datozen erronka handi eta desberdinak», hala nola adimen artifiziala, komunikazio modu berriak edo lan eta enpresa munduan izaten ari diren aldaketa globalak. Zentzu horretan, eskola zaharra etorkizuneko erronkei aurre egiteko espazio bihurtzea «poetikoa» ere badela adierazi zuen.

Bailonek «enpresen eta formakuntza zentroen inplikazioa» eskertu zuen, zentroa errealitate bihurtzeko Udalarekin elkarlanean aritu baitira, eta Gumuzio Garapen Zentroa «ahalegin eta dedikazio kolektibo handiaren emaitza» dela goraipatu zuen.

Bestalde, Gartziandiak prozesua ez dela «bide erraza izan» aitortu zuen, eta Udaleko enplegu planeko kideen lana bereziki eskertu zuen, espazioa egokitu eta enpresen zerbitzura jartzen laguntzeagatik. Halaber, proiektuak «ondarea zaintzeko eta etorkizunari begiratzeko beste modu batzuk bilatzeko aukera» ere ematen duela azpimarratu zuen.

Izan ere, Oliveirak azaldu zuenez, «epe luzeko ibilbidea duen proiektu estrategikoa» da, lehen fase honetan 2030 urtera begira. Zentzu horretan, helburua «enpresentzat sare bizi eta erabilgarria sendotzea» dela adierazi zuen, eta horretarako dagoen eskaintza ezagutzera eman zuen: enpresekin komunikazio zuzen eta egonkorra, networking dinamikak, saio tematikoak eta erakusketak, eta banakako aholkularitza.

Horren guztiaren oinarrian, lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia azpimarratu zuen. Ildo horretan, Salazarrek BEAZek enpresen eskura jartzen dituen zerbitzu eta laguntzak azaldu zituen, eta nabarmendu zuen horien zati handi bat enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dagoela; horiek izango dira Gumuzio Garapen Zentroko instalazioak erabiliko dituztenen gehiengoa.

Gumuzio Garapen Zentroa Galdakaoko enpresa guztientzat irekita dagoen espazioa da. Informazio gehiago nahi dutenek edo harremanetan jarri nahi dutenek ggz@galdakao.eus helbidera idatzi edo 944010580 telefonora deitu dezakete.

situs togel

situs toto