Pasa den barikuan 200 gaztetxo inguru batu ziren Aulestiko frontoian, Bizkaiko Eskolarteko Bertsolaritza Txapelketan. Bertan parte hartu zuen Galdakaoko eta Usansoloko ikasle talde batek, eta Loiola Ealo galdakoztarra txapeldun izan zen LH 5. mailako gazteen artean.
Bizkaiko eskolarteko 5. eta 6. mailetako bertso idatzien finalak lehiatu ziren pasa den barikuan Aulestin. Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatutako ekimena da eskolartekoa, eta 200 gaztetxo batu ziren hitzorduan.
Finalera heldu ahal izateko, apirila eta maiatzean zehar, herri eta eskualde mailako aurre-kanporaketak jokatu dituzte finalistek, eta Galdakaoko eta Usansoloko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako zenbait ikaslek lortu zuten Aulestiko finalean parte hartzea.
Eguzkibegi Ikastolako Loiola Ealo ikaslea —argazkian behean erdian— izan zen horietako bat, eta galdakoztarra txapeldun izan zen LH 5. mailako ikasleen artean.




