Galdakaoko Udalak kirol zerbitzuen kontratu berria irailean martxan jartzea aurreikusi du, eta horri esker eskaintza berritu eta zabalduko du. Kontratu berriak hiru milioi eurotik gorako inbertsioa eragingo du urtero, datozen lau urteetan, gaur egun baino %85 gehiago.
Abuztuaren 31n Galdakaon kirol zerbitzuak eskaintzen dituen enpresaren kontratua bukatuko da, eta berria irailean martxan jartzea aurreikusi du Udalak.
Urretako kiroldegiaren handitze lanen baitan, udal gobernuak datozen lau urteetarako kirol zerbitzuen kontratu berria aurkeztu zuen atzo. Kiroldegian egindako agerraldian Asier Korta Kirol zinegotziak, Juanmi Ereño Udaleko Kirol arloko buruak eta Amets Iturbe Gizarte Ekintzako zinegotziak parte hartu zuten.
Kortak azaldu zuenez, kontratu berriak lau urteko iraupena izango du, eta 12 milioi eurotik gorako aurrekontua. Hortaz, hiru milioi eurotik gorako inbertsioa eragingo du urtero, gaur egun baino %85 gehiago.
«Kontratu berriak udal kirol zerbitzuak indartuko ditu eta eskaintza berrira egokituko da, eta langileen lan baldintzak hobetu ahal izango dira ere», adierazi zuen zinegotziak.
Halaber, berrikuntza bat aurkeztu zuen: fitness gela berria. 600 metro koadro inguruko gela izango da, «gaur egungo erabiltzaileen eskaeretara egokitua eta inguruko herrietako gimnasioen artean erreferentziazko espazioa izateko helburuarekin diseinatua». Gela 07:00etan irekiko da astelehenetik barikura, gainerako zerbitzuak baino ordubete lehenago.
Iturbek azaldu duenez, kontratu berria Udalak «herritarren ongizatea sustatzeko estrategiaren hiru ardatzen baitan kokatzen da: oparo bizitzeko, eroso bizitzeko eta osasunez bizitzeko».
Gaur egun 20 kirol jarduera eskaintzen dira Galdakaoko udal kiroldegietan, 1.500 erabiltzaile daude, eta kirol zerbitzuak guztira 8.500 bazkide ditu. «Instalazio berriei esker, erabiltzaile datuak gora egitea espero dugu», adierazi zuen Ereñok, kirol zerbitzuen handitzeak eta batez ere Urreta kiroldegiaren hobetzeak herritarren eskaera historiko bati erantzuten dietela nabarmenduz.
Galdakaoko Udalak apirilean abiatu zuen kontratu berriaren lizitazioa, eta, proposamenak jasotzeko epean dago orain. Epea amaitzen denean aukerak aztertuko dira, eta plenoan onartuko da kontratu berriaren lizitazioa.
Hemen batu ditugu Iturberen adierazpenak kontratu berriaren inguruan:




