Eskola Agenda 2030 egitasmoan parte hartu duten Andra Mari, Bengoetxe, Eguzkibegi eta Elexalde ikastetxeetako ikasleak Galdakaoko Udalarekin batu ziren. Hitzorduan berdegune gehiago sortzea, eta ingurumen sentsibilizazioko jarduerak antolatzea proposatu zuten, besteak beste.
Andra Mari, Bengoetxe, Eguzkibegi eta Elexalde ikastetxeetako ikasleek Eskola Agenda 2030 egitasmoan parte hartu dute, eta ikasturte osoan zehar egindako lanketari amaiera emateko, Galdakaoko Udalarekin batu ziren ekainaren 3an.
Bileran ikasturtean zehar egindako lana, ateratako ondorioak eta etorkizunerako proposamenak partekatu zituzten Udalarekin. Gaztetxoak Iñigo Arriandiaga alkatearekin eta Ainara Tellaetxe Ingurumen teknikariarekin bildu ziren udaletxeko osoko bilkuren aretoan euren lanaren berri emateko.
Topaketan, ikasturtean landutako proiektuak eta ekimenak azaldu zituzten, baita prozesuan zehar izandako ikaskuntzak, zailtasunak eta etorkizunerako hartu dituzten konpromisoak ere.
Horren ondorioa izan dira udal ordezkariei aurkeztu zizkieten hiru proposamenak: zementu asko dagoen herriko guneetan berdegune gehiago sortzea, ingurunearekiko errespetua sustatzeko informazio kartelak jartzea eta ikastetxeen laguntzarekin ingurumen sentsibilizazioko jarduerak antolatzea.
Ikasleen azalpenak entzun ondoren, Arriandiagak eskerrak eman zizkien egindako lanagatik eta aurkeztutako ideien balioa azpimarratu zuen. Ildo horretan, «gaur egungo munduan horrelako kontzientziazio maila izatea zaila» dela aitortu zuen, eta aurkeztutako proposamenak «herri osora zabaltzeko modukoak» direla nabarmendu zuen. Izan ere, Galdakaok «naturaz ikasteko eta gozatzeko gune ugari» dituela gogorarazi zuen, «guztion artean zaindu beharrekoak».
Era berean, ikasleek «erakutsitako konpromisoa» txalotu zuen, etorkizunean ere herriko ingurunea errespetatzen jarraituko dutelakoan.
Berdegune gehiago sortzeko proposamenaren harira, alkateak herriaren egiturari buruzko azalpen bitxi bat partekatu zuen ikasleekin: Galdakaoko hainbat guneren azpitik errekak igarotzen direla azaldu zuen, eta horrek zenbait eremutan eraldaketak egitea zailtzen duela. Hori dela eta, «beste garai batean eraikitako herri eredua gaur egun egingo genukeen modura egokitzea» erronka handia dela nabarmendu zuen.
Bestalde, Tellaetxek gazteek egindako «lan itzela» jarri zuen balioan, euren «kontzientziazio maila altuak etorkizunari begira itxaropen handia» ematen diola agerian utziz. Halaber, ikasleen ekarpenak «Udalaren eguneroko lanean» kontuan izango direla jakinarazi zuen, eta Udala dagoeneko horietako batzuetan lanean diharduela ziurtatu zuen, espezie inbaditzaileen atalean, esaterako.




