Athletic Club CUP futbol txapelketaren egoitza izango da Galdakao, asteburuan

Argazkia: Galdakaoko Udala.

Athletic Clubek antolatzen duen AC CUP nazioarteko futbol txapelketaren egoitzetako bat izango da Galdakao asteburuan. Zapatuan eta domekan, Santa Barbara eta Elexaldeko futbol zelaiek futbol partidu ugari hartuko dituzte 09:00etatik aurrera.

AC CUP nazioarteko futbol txapelketa antolatu ohi du urtero Athletic Clubek, eta aurtengo edizioan egoitzetako bat Galdakao izango da.

Zapatuan eta domekan, ekainak 6 eta 7, Santa Barbara eta Elexaldeko futbol zelaiek futbol partidu ugari hartuko dituzte 09:00etatik aurrera, egun osoan luzatuko den egitarauarekin. 

Aurtengoa AC CUP txapelketaren historiako ediziorik handiena izatea espero da. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 950 talde baino gehiago, 14.000 jokalari inguru eta ia 60.000 ikusle bilduko ditu egitasmoak.

Horrela, Athletic Clubek sustatutako torneoa nazioarteko futbol baseko erreferentziazko hitzorduetako bat bihurtu da, urtez urte parte hartzaile eta ikusle gehiago erakarriz.

Zentzu horretan, txapelketaren dimentsioak «eragin zuzena izango du Galdakaon» Udalaren esanetan. Asteburuan zehar herrira hurbilduko diren jokalari, senide eta bisitari ugariek ostalaritzaren, merkataritzaren eta gainerako zerbitzuen jarduera areagotuko dute, tokiko ekonomiari onura ekarriz.

Aldi berean, AC CUPek ikusgarritasuna emango dio berriz ere Galdakaori, Bizkaiko futbol basearen erreferentziazko topagune bihurtuz.

Lehen aldiz, txapelketa bi astetan banatu da, kategorien arabera antolatuta. Ekainaren 2tik 7ra bitartean benjamin, kimu eta haur mailetako taldeak arituko dira lehian, eta, ekainaren 9tik 14ra, berriz, kadete eta gazte kategorietako taldeek hartuko dute lekukoa. 

Galdakaon, beraz, benjamin, kimu eta haur kategorietako norgehiagokak jokatuko dira, kirolaz eta lehiaketaz gozatuko duten ehunka haur eta gazte bilduz.

Parte hartzaile guztiek Lezamako instalazioetan jokatzeko aukera izatea da AC CUPen ezaugarri berezienetako bat. Horrez gain, talde askok San Mamesen aritzeko aukera ere izango dute, eta finalak Athletic Cluben bi instalazio horietan jokatuko dira: lehen astekoak San Mamesen, ekainaren 7an, eta bigarren astekoak Lezaman, ekainaren 14an. 

Aurtengo edizioaren inaugurazio ekitaldia San Mamesen egingo da gaur, ekainak 5, talde guztien desfilearekin, musika emanaldiekin eta ikuskizun bereziekin.

situs togel

situs toto