Zapatuan, ekainak 6, 100 urte bete zituen Antonia Barallobre galdakoztarrak. Amets Iturbe Galdakaoko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzia eta Agustin Aizpuru Usansoloko alkatea Usansoloko Gorosibai egoitzara bertaratu ziren, Antonia zoriontzera.
Ehun urte egin dituela ospatzeko eguna izan zen zapatua Antonia Barallobre galdakoztarra eta bere familiarentzat. Egun berezia izan zen denentzat, ez baita ohikoa mende oso bateko bizitza ospatzeko aukera izatea.
Horregatik, senideak eta gertukoak Usansoloko Gorosibai egoitzan batu ziren, urteetan zehar bizitako esperientziak eta oroitzapenak gogoratzeko.
Urteurren biribil hori dela eta, udal ordezkarien bisita ere jaso zuen Barallobrek. Amets Iturbe Galdakaoko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzia eta Agustin Aizpuru Usansoloko alkatea egoitzara gerturatu ziren, egun esanguratsu horretan berarekin egotera eta zorionik beroenak adieraztera. Bertan, lore sorta bana helarazi zioten.
Bisitan zehar, udal ordezkariek omenduarekin, bere senideekin eta egoitzako langileekin solasean aritzeko aukera izan zuten. Mendeurrenak familia eta gertukoen artean elkartzeko aukera ere eskaini zion Barallobreri, giro «hurbil eta atseginean».




