Urreta kiroldegiak Areto Dantza Elkartearen erakustaldia hartuko du bihar, ekainak 20. Hitzorduan elkarteko ikasleek azken hilabeteetan prestatutako koreografiak eskainiko dituzte.
Galdakaoko Areto Dantza Elkarteak erakustaldia egingo du bihar, ekainak 20, 19:00etatik aurrera, Urreta kiroldegian.
Hitzorduan elkarteko ikasleek azken hilabeteetan prestatutako koreografiak eta dantza emanaldiak eskainiko dituzte, urte osoan egindako lana herritarrei erakusteko.
Erakustaldiak elkartean lantzen diren hainbat diziplina bilduko ditu, besteak beste areto dantzak, dantza karibetarrak, sevillanak, dantza koreografikoa, lineako dantza, lindy hopa, dantza modernoa eta zumbaretoa.
Horrela, parte-hartzaileek ikasturtean zehar eskuratutako trebetasunak erakusteko aukera izango dute, publiko guztiari irekitako ekitaldian.
Aurtengo erakustaldiak, gainera, esanahi berezia izango du Areto Dantza Elkartearentzat. Izan ere, elkarteak 25 urte bete ditu aurten. 2001ean lagun talde batek sortutako proiektu hark ehunka pertsona batu ditu urte hauetan guztietan dantzaren inguruan, eta gaur egun 500 kide inguruk parte hartzen dute bertan.
Urteurrena ospatzeko, elkartea hainbat ekimen prestatzen ari da datozen hilabeteetarako, tartean udazkenean egingo den ospakizun berezia. Hala ere, lehen hitzordua larunbateko erakustaldia izango da, herritar guztiei irekita egongo dena.




