Zokoratutako berbak
Ainara García Goitiandia
BINKE / 2026ko ekaina
Botox dealer bat tope dauriela gure herrian eta orain askok ez dakie zein zulo ilunetan, Hego Koreatik eta Vietnamdik ekarritako, beste botox dosi merke bat zelan sartu. Gure femidramak.
Zer gara kapazak egiteko gazte mantentzeko? Zer? Lehenengo esan beharrekoa betiko esaldi «buenista» da: emakumeak askeak gara gure gorputzarekin nahi doguna egiteko eta nik ez dotset inori esango zer egin behar duen bere gorputzagaz, baina… bai? Benetan? Askeak gara gure doguna egiteko, ala askeak gara nahi dogun zapalkuntza forma elegiduteko?
Toxina botulinikoaren erabilera %500 igon da Hego Euskal Herrian eta gure herrian saria dekogu aurpegia izoztearen asuntu honetan. Eta «gizonak bebai erabilten daurie» baliabide errazagaz etorriko zarienez, konteko dotsuet… estatistika argia da: medikuntza estetikoko pazienteen %69 emakumeak dira, soilik %31 dire gizonak. Bai, presio estetikoa emakumeon kontra doa, beti.
Ezin dogu ahaztu botoxaren kontsumitzaileen gehiengoa emakumezkoa dala, eta ez da kasualidadea. Gure kontra ezartzen den presio estetikoak, atseginaren legeari erantzuteak eta emakumearen eredu heteronormatiboarekin bat etorri beharrak, gure gorputza aldatzera eta txarto tratatzera bultzatzen gaitu. Kontrol barik. Eta ordaindu beharreko prezioa oso altue da, dendoste zikin baten zulatutako legez kanpoko botox dosi txarri batetik haratako doa. Erreakzio alergikoak eta inflamatorioak, akats estetikoak, aurpegiko paralisia, nekrosia, infekziñoak, kalte itzulezinak ehunetan… eta ezin doguz ahaztu emoziñoak adierazteko ezintasunak eta aurpegi guztiak igualak izateak, gizartean eta emakumeen baitan dekon eragina. Bitxia da zelan interbenziño estetiko guzti hauekaz, gure nortasuna, hau da, aurpegia, osatzen duten berezitasunak eta gure emoziñoak osatzen
dituzten keinuak, pixkanaka eta konturatu barik ezabatzen dizkiguten.
Beraz, benetan askeak gara gure gorputzak tratatzeko? Edo Amelia Valcárcel filosofak «atseginaren legea» deitu zionari erantzuten ari gara, non gizonen beharrak norberaren premian gainetik jartzeko, obeditzeko eta konpliduteko heziak izan garen. Eta ganera edertasun eta osasunaren izenean maskaratzen dogu gure gorputzen kontrako sarraskia.
Beste behin, gure osasuna, askatasuna eta kasu honetan nortasuna sakrifikatzen doguz sistema patriarkalak nahi duen emakume ereduan sartzearen alde; edozertarako gai den emakumea, gaztea, ederra eta obedientea. Dana askatasun osoz eta norberak aukeratua, noski.




