Madagaskarreko eta Kubako taldeak arituko dira aurten Folklore Bizian jaialdian

Argazkia: Benja Gasy.

Andra Mari Dantza Taldeak Folklore Bizian nazioarteko dantza taldeen jaialdiaren 39. edizioa antolatuko du. Eguenean, uztailak 16, hasiko da, eta Madagaskarreko eta Kubako taldeak arituko dira aurten.

Aurreko urteetako arrakasta errepikatzeko helburuz, Folklore Bizian nazioarteko dantza taldeen jaialdia antolatuko du Andra Mari Dantza Taldeak aurten ere.

39. edizioa izango da, eta Euskal Herriko, Madagaskarreko eta Kubako taldeak arituko dira Galdakaon. Emanaldiak Kurtzeko plazan izango dira eguen eta barikuan, eta doakoak izango dira.

Madagaskartik Benja Gasy talde folkloriko nazionala iritsiko da, eta Kubatik, berriz, Camagua talde folklorikoa.

Benja Gasy folklore elkarte nazionala 1998an sortu zen, uharteko eskualde desberdinetako kultura eta tradizioak ikertu ondoren, eta gaur egun Madagaskarko sei eskualdeetako musika eta dantzak oholtzara eramaten dituen talde bakarra da. Emanaldietan, eskualde bakoitzeko jatorrizko musika tresnak, jantziak, orrazkerak eta hizkerak uztartzen dituzte, herrialdearen kultura aniztasuna eta folklorearen aberastasuna mundu osoan ezagutarazteko helburuarekin.

Camagua folklore taldea aldiz, Fernando Medrano Vireya irakasleak 2011n sortutako konpainiak, Kubako ondare musikal eta folklorikoaren bihotzera eramango du publikoa. Karibeko tradizioen sustraietan barrena egindako bidaia proposatzen du, musika, dantza eta jantzi tradizionalen bidez. Bere ikuskizuna dinamismo handiko eszenez osatuta dago, eta Kubako kulturaren bizitasuna, afro-latino izaera eta herrialdearen nortasun berezia islatzen ditu.

Bi egunetako emanaldi nagusiak 20:30ean hasiko dira, eta  saio bakoitzaren ostean jai giroak jarraipena izango du, Ad Libitum Txistu Banda, txosna, food trucka eta gonbidatutako taldeen zuzeneko musikarekin. 

Galdakaoko Udalak «herritarrak animatzen ditu Kurtzeko plazara hurbildu eta nazioarteko folkloreaz, musikaz eta kultur aniztasunaz giro paregabean gozatzera».


situs togel

situs toto