Galdakaoko Udalak aplikazio berria sortu du Santakurtzetako programa mugikorrean kontsultatzeko. Egitarau osoa ezagutzeaz gain, gustuko ekintzak gordetzeko eta hitzorduak gogorarazteko aukera ere izango da, besteak beste.
Ordu batzuk baino ez dira falta jaiek eztanda egiteko. Santakurtzek musikaz, dantzaz, txapelketez eta beste hainbat ekintzez gozatzeko aukera eskainiko dute hamar egunetan zehar.
Zehazki, 145 jarduera inguru antolatuko dira, eta horien inguruko nondik norakoak momentuan ezagutzeko helburuz, Galdakaoko Udalak mugikorrerako aplikazio berria sortu du.
Aplikazioaren bitartez, egun bakoitzeko ekintzak kontsultatu, jarduera zehatzak bilatu eta ekitaldiak non egingo diren ikusi ahal izango da, modu errazean.
Hala, aplikazioak Santakurtzetako hamar egunak batera edo banaka ikusteko aukera eskaintzen du, une bakoitzean behar den informazio zehatza mugikorretik bertatik aurkitzeko.
Gainera, egun bakoitzak bere mapa propioa ere badu. Horretan, ekitaldi bakoitza egingo den kokapenaz gain, bertara iristeko jarraibideak ere eskura izango dituzte herritarrek.
Tresna norberaren jaiak antolatzeko ere pentsatuta dago. Izan ere, gustukoen diren ekintzak aukeratu eta ‘Nire jaiak’ atalean gordetzea posible izango da, baita horiei oroigarri bat ezartzea ere, hitzordua hasi aurretik abisua jasotzeko.
Jakinarazpenen bidez, berriz, jaiekin zerikusia duen edozein gorabeherari buruzko informazioa unean bertan jasotzeko aukera eskaintzen du.




