Santakurtzetan ere, Galdakaok ez duela «inolako eraso matxistarik onartuko» nabarmendu dute Jai Batzordeak, mugimendu feministak, kuadrillek, udal korporazioak eta Txosna Batzordeak. Jarrera matxisten aurrean «irmotasunez eta modu koordinatuan» erantzungo dutela adierazi dute.
Gaur arratsaldean jaiak eztanda egingo du Galdakaon, eta aurten ere herriak indarkeria matxistaren kontrako kompromiso irmoa berretsi du.
«Irmotasunez eta modu koordinatuan erantzungo da», adierazi dute Galdakaoko Jai Batzordeak, emakume taldeek, kuadrillek, udal korporazioak eta Txosna Batzordeak, jaien aurretik zabaldu duten mezu bateratuan.
«Jai giroak ezin du inolako erasorik, jarrera matxistarik edo diskriminaziorik justifikatu, eta herritar guztiek dute Santakurtzak askatasunez, berdintasunez eta segurtasunez bizitzeko eskubidea. Hori bermatzeko, urte osoan zehar egindako lanketari jarraipena emango zaio herriko jaietan ere», adierazi dute.
Hala, mezu hori kalean presente egongo da Santakurtzek irauten duten hamar egunetan. «Eraso matxistarik gabe, Galdakao aske» lelopean antolatutako kanpainaren bidez, indarkeria matxistak identifikatzeko eta horien aurrean nola jokatu jakiteko informazioa zabalduko da jai gunean.
Horren baitan, publiko guztiei egokitutako materialak banatuko dira, besteak beste, taberna eta txosnetan lan egiten dutenentzako jarduteko gomendioak eta gizonezkoei zein emakumeei zuzendutako hausnarketa eta aholkuak.
Aldarrikapenari ikusgarritasuna emateko, Udalak «Eraso matxistarik ez!» mezua duten eskumuturrekoak eta «Galdakao aske» aldarrikatzen duten behin behineko tatuajeak banatuko ditu. «Keinu sinbolikoak izan arren, jaietan ere elkarbizitza, errespetua eta berdintasuna zaintzeko konpromisoa gogorarazteko balio dute; izan ere, jaiak guztionak dira eta guztion ardura da horiek aske eta seguru bizitzeko espazio izatea», azaldu du Udalak.
Prebentzioarekin batera, eraso edo indarkeria matxisten aurrean laguntza eta arreta eskaintzeko baliabideak ere izango dira eskura jaietan. Indarkeria Matxistaren Biktimei Laguntzeko Udal Programaren telefonoa (688719304) 24 orduz egongo da aktibo Santakurtzek irauten duten egun guztietan, informazioa, orientazioa eta laguntza eskaintzeko.
Horrez gain, puntu morea txosnagunean egongo da bi bariku eta zapatuetan, 20:00etatik 23:00etara, arreta aurrez aurre eskaintzeko eta behar duenari informazioa eta laguntza hurbiletik emateko.
Bestalde, Berdintasun Kontseiluak salaketa publikoen protokoloa prestatu du, beharrezkoa izanez gero indarkeria matxistaren aurrean modu koordinatuan jarduteko eta erantzun bateratua emateko.
Konpromiso hori publikoki erakusteko, Jai Batzordeko eta Txosna Batzordeko ordezkariek, emakume taldeetako eta kuadrilletako kideek, txupineroak eta pregoilariak, eta udal korporazioko ordezkariek, elkarrekin argazkia atera zuten atzo.




