Gaurko, urriak 8, Palestinaren aldeko elkarretaratzeak deitu ditu Gernika-Palestina herri ekimenak. Galdakaok bat egingo du deialdiarekin eta 19:30ean batuko dira herritarrak udaletxearen aurrean.
Atzo, urriak 7, hiru urte bete ziren Israelen eta Palestinaren arteko gatazka hasi zenetik. «Egoera okerrera doa Palestinan eta, oro har, munduan zehar. Genozidioa eta horrek dakarren des-humanizazio forma guztiak nagusitzen ari dira eta ezin dugu inondik inora egoera tamalgarri hau normalizatu», adierazi du Gernika-Palestina ekimenak.
Egitasmoaren arabera, irtenbidea elkarrizketan, negoziazioan eta konponbide politikoan oinarritu behar da, eta «Euskal Herrian gerraren aurka antolatu eta saretu behar gara, hori izan behar da orain gu guztion lehentasuna».
Horregatik, Gernika-Palestina dinamikatik, Euskal Herriko udaletxeen aurrean mobilizatzera deitu dute euskal gizartea.
Mobilizazioak gaur, urriak 8, izango dira 19:00etan, eta Galdakaon Kurtzeko plazan batuko dira herritarrak beste behin, Palestinari elkartasuna adierazteko.




